Sagardo ekoizle bihurtuta ekin dio Tximistak txotx denboraldiari
Ordiziako Tximista sagardotegiak hasi du txotx denboraldia. Atzo egin zuten estreinaldiko ekitaldia, dantzari, bertsolari eta gonbidatu bereziekin batera. Aurtengo denboraldi hasiera berezia izango da Tximista sagardotegikoentzat; izan ere, aurten hasi dira bertako sagardoa egiten, eta dagoeneko, probatu daiteke etxeko sagardo berria. Ordiziako kirolariak izan ziren aurreneko txotxa zabaltzeko ardura izan zutenak; Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza Elikagai Politikako sailburuordea ere bertan izan zen.
1982. urtean zabaldu zuten Ordiziako Tximista sagardotegia, galdarategi bat zegoen tokian. Urte askotan ideia buruan izan ondoren, aurten hasi dira bertako sagardoa egiten. Familiako sagastiez gain, Oiangu, Ataun, Zaldibia, Zizurkil eta Oiartzungo sagastietatik ekarritako sagarra erabili dute.
- Albiste honekin lotuta: Sagardoaren txinparta itzuli da