Zumarragako Musika Bandak eta organoak bat egingo dute etzi
Gabonetako kontzertua eskainiko du igandean Zumarragako Musika Bandak. Aurtengoa berezia izango da, bi arrazoirengatik: Zumarragako parrokian egingo dute, eta, lehenengo aldiz, organoaren laguntzaz. Mila Osinalde herritarrak joko du organoa. 13:15
Gabonetako kontzertua eskainiko du igandean Zumarragako Musika Bandak. Aurtengoa berezia izango da, bi arrazoirengatik: Zumarragako parrokian egingo dute, eta, lehenengo aldiz, organoaren laguntzaz. Mila Osinalde herritarrak joko du organoa. 13:15 aldera hasiko da kontzertua, meza amaitutakoan.
Banda eta organoa koruan egongo dira, eta Urola Telebistaren bitartez zuzeneko proiekzioa egingo dute pantaila handi batean, elizakoek ikusi ahal izateko. Luis Orduña bandaren zuzendariak azaldu duenez, kontzertu honek amaiera emango dio 2015eko denboraldiari. Urte berezia izan da bandarentzat, izan ere, herriko musikarien kolaborazioa bilatu dute eman dituzten kontzertuetan.
Pedro Laskurain Zumarragako parrokoak eskerrak eman dizkie antolatzaile guztiei. “Parrokiarentzat ederra da horrelako kontzertu bat bertan egitea, eta organoari bestelako erabilera bat ematea”. 1871n eraikitako organoa dela azaldu du Laskurainek, “organo ona”. Mila Osinalde organo jolea ere “oso pozik” agertu da bandarekin batera jotzeko aukera duelako, lehen aldiz.
Busca de Sagastizabalen piezak ere joko dituzte
Beste hainbat konpositoreren artean, Ignacio Busca de Sagastizabal herritarraren piezak ere joko dituzte. Lauren Busca izan da aurkezpenean, konpositorearen iloba baten semea. “Agian ez zen konpositore handi bat izan, baina bai konpositore ona”, adierazi du. Bere piezak oraindik bizirik daudela eta mundu osoan interpretatzen direla gogoratu du.