Eguberrietan askok oporrak hartu arren, kultur eskaintzak ez du atsedenik hartuko datozen egunetan.Goierriko hainbat herritan ikuskizun bereziak antolatu dituzte.
Goierriko kultur eskaintzak ordea, ez du atsedenik izango datozen egunetan, eta aisialdiari begira, eskaintza zabala izango da herriz herri.
Ez dira faltako umeentzako ohiko jolas, tailer eta parkeak, baina berrikuntzak ere badira; tartean Lazkaon eta Zumarragan jarriko dituzten izotz pistak. Umeekin jarraituz, Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa izango da Ordizian, eta Poxpolo eta Konpainiarena Urretxun.
Haur eta gaztetxoez gain, helduagoek ere izango dute kultur ekitaldiez gozatzeko aukera. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak Ordizian ariko dira kantuan. Ruper Ordorikaren kontzertuak, Goierriko Artisten Topaketak edota Ostadar dantza taldearen jaialdiak osatuko dute datozen egunetako eskaintza.
Goierriko artisten topaketa. Arg.: Juantxo Unanua.
Beasain: Goierriko artisten XIV. topaketa
Goierriko artisten lanen erakusketa ikus daiteke aurten ere Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. 31 artistek hatu dute parte aurtengo topaketan. Urtarrilaren 3ra arte egongo dira goierritarren estilo desberdinetako artelanak ikusgai.
Beasain Ostadar dantza taldearen jaialdia
Larunbatean, 19:30etik aurrera, Beasaingo Usurbe Antzokian, Ostadar dantza taldeak urteroko gabonetako ikuskizuna eskainiko du. Urratsak bidegurutzean izenburua jarri diote aurtengo ikuskizunari. Ostadarretik jakinarazi dutenez, historikoki garrantzia izan duten Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat dantza eskainiko dituzte. Aurten, gainera, Beasaingo herriak orokorrean protagonismo berezia izango duela aurreratu dute. Ohi bezala, Goizeresi Txistulari Elkarteko kideek jarriko diote dantzei doinua. Dena den, aurten hainbat abeslari eta musikariren parte hartze berezia izango da dantza emanaldian. Sarrera 5 euro kostako da.
Ordizia: Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Gabonetako oporretako ohiko ekitaldia izaten da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ordizian eskaintzen dutena. Lazkaoko San Benito, Ordiziako Jakintza eta Beasaingo Andramendi ikastolek Lapurdiko Urruñako eta Ziburuko ikastolak diruz laguntzeko egiten den ikuskizuna izaten da. Dagoeneko 19 urte dira ikastolen arteko elkarlana hasi zela. Aurten, abenduaren 27an izango da eta azken urteetan bezala, bi saio eskainiko dituzte Majori kiroldegian: 16:00etan eta 18:30ean. 7 euroan eros daitezke sarrerak Majori kiroldegian bertan.
Amalur ikuskizun berria eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Baserriaren gaia lantzen dute bertan. Pailazoak baserrira doaz Marimototsengana. Marimo bertan da Ilargirekin ikasten, baserritarra izan nahi baitu. Baserriko lanetan lagunduko diote denek Ilargiri, haurdun dago eta. Laster jaioko da umetxoa.
Legazpi: Igandean, organo kontzertua
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez Organojole elkarteak antolatzen duen Organo Zikloaren barruan, Esther Iñiguez eta Alize Mendizabal organo jotzaileen kontzertua izango da igandean, 19:00etan, Legazpiko parrokian. Mendizabal donostiarra da eta Iñiguez beratarra (Nafarroa).
Lazkao-Zumarraga: Zoru sintetikoko izotz pistak
Lazkaon eta Zumarragan zoru sintetikoko izotz pistak dira aurtengo gabonetako eskaintza berezia. Zumarragan La Salle ikastetxeko pilotalekuan jarri dute izotz pista eta urtarrilaren 8ra arte egongo da bertan irristaldiak egiteko aukera. 14 urtetik beherakoek euro bat ordaindu beharko dute eta gainerakoek bi.
Lazkaon, datorren astean jarriko dute: 28an, 29an eta 30ean, egun osoan, plazako pilotalekuan. Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburua du izotz pistak. Lazkaoko Udaletik aurreratu dutenez, 400 metro koadroko pista izango da.
Legorreta: Elkartasun azoka igandean
Igandean, 11:00etatik 14:00etara, bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte Elkartasun Azokan, plazan. Herriko elkarteek, berriz, pintxoak eta sagardoa banatuko dituzte eta 14:00etan, produktuz beteriko saskia zozkatuko dute. Bildutako dirua garapen bidean den herrialderen bateko lankidetza proiektu bat finantzatzen laguntzeko erabiliko da. Larunbatean, haur jolasak izango dira 17:00etan, plazan.
Zumarraga: Poxpolo eta Konpainia
Poxpolo eta Konpainia pailazoak agur esango dute urtarrilaren 5ean. Aurretik, ordea, herriz herri dabiltza agur ikuskizunak eskaintzen. Igandean, Zumarragako Zelai Ariztin izango dira, 17:30ean. Sarrerak 5 euroan eros daitezke Zelai Ariztiko leihatilan. Larunbatean, 16:00etatik 17:00etara bitartean, eta igandean, 16:00etatik 17:30era. Pertsona bakoitzak ezin izango ditu sei sarrera baino gehiago erosi.
Beasain: Igartzan kantu errezitaldia
Debora Herrero soprano ordiziarraren eta Jabi Alberdi baritonoaren kantu errezitaldia izango da igandean, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian. Pianoan, Arantxa Gastesi piano jotzailea ariko da.
Ordizia: Finalistekin bertso saioa
Gipuzkoako bertso txapelketa bukatu berria denean, finalean parte hartu duten zortzi finalistekin bertso saioa antolatu du Goierriko Bertso Eskolak. Larunbatean izango da, 18:30ean, Herri Antzokian. Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ariko dira bertsotan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Unai Agirreren hutsunea, Nerea Elustondo legazpiarrak beteko du, Gipuzkoako bertso txapelketako bederatzigarrenak. Sarrerak egunean bertan salduko dira antzokiko leihatilan, 17:45etik aurrera; 10 euroan.