Stihl Timbersports ikuskizuna egingo dute igandean Zumarragan
Euskal Herrian ohituak gaude aizkora erakustaldi luzeetara. Pago egurra erabiltzen da hemen normalean, egur gogorra, mozteko lanak ematen dituena. Igandean Zumarragako Euskadi plazan egingo dute erakustaldia, ordea, erabat ezberdina izango
Euskal Herrian ohituak gaude aizkora erakustaldi luzeetara. Pago egurra erabiltzen da hemen normalean, egur gogorra, mozteko lanak ematen dituena. Igandean Zumarragako Euskadi plazan egingo dute erakustaldia, ordea, erabat ezberdina izango da: azkarra, bizia eta makal egurrarekin, askoz bigunagoa. Stihl Timbersports izena du ikuskizunak, eta mundu mailan egiten da. 12:00etan hasiko da.
Txapelketak ere antolatzen dituzte, eta, hain zuzen, munduko taldekako txapelketan zazpigarren postua lortu zuen boskoteak eskainiko du igandeko erakustaldia: Daniel Vicente, Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak, eta Ernesto Herrero eta Abel de Vicente soriarrak (Espainia). Polonian jokatu zen munduko txapelketa.
Trontzak, motozerrak eta aizkorak erabiliko dituzte ikuskizunean, eta sei proba egingo dituzte. Lehenengo, motozerra txiki batekin enbor bati bi ebaki egin beharko dizkiote, goitik behera eta zeharrera. Bigarren, lau metroko altueran enborra aizkoraz moztu eta jaitsi beharko dute. «Proba hau minutua baino gutxiagoan egiten dute, oso azkar, eta horrek ematen dio ikusgarritasuna», azaldu du Xabier Zaldua Zumarragako aizkolariak.
Hirugarren eta laugarren proban zutikako eta etzandako enbor bana moztu beharko dituzte, aizkoraz. Bosgarren proba, berriz, berezia izaten da: trontzarekin mozten dute enborra, baina trontza pertsona bakarrak erabiltzen du, eta ez biren artean. Eta, azkenik, seigarren proban, 40 kilo inguruko motozerra handi batzuekin hiru korte eman beharko dizkiote enborrari. «Motozerra horiek 60 zaldi dituzte, eta zortzi segundotan egiten dute proba».
Ikusgarria, abiaduragatik
Zalduaren esanetan, «proba oso bereziak eta ikusgarriak izaten dira, abiaduragatik; merezi du ikusteak». Aizkora zaleek gozatuko dutela uste du, baina baita aizkora zale ez direnek ere. Txapelketetan kamioi handi batzuetan ekartzen dute tresneria guztia, eta taula baten gainean egiten da erakustaldia. Zumarragakoa, dena den, txikiagoa izango da, eta plazan bertan egingo dute. Enbor guztiak 45 ontzakoak izango dira.
Ikuskizuna nolakoa izango den ideia bat egiteko, ikusi Australiako munduko txapelketako bideoa: