Foru Aldundiak aitortza instituzionala egin dio Loreak filmaren lantaldeari
Gipuzkoako Foru Aldundiak “babesa, esker ona eta aitortza instituzionala” egin dizkio Loreak filmaren lantaldeari. Izan ere, Oscar sarietako lehiatik kanpo gelditu arren, sekulako markak egin ditu Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien filmak. Gaur egindako agerraldian, filmaren ekarpena aldarrikatu dute, “aurrekaririk gabe arrakasta” izan baitu.
Aldundiak 40.000 euroko laguntza eman die filmaren egileei, Loreak filmak AEBtan izan dituen promozio, komunikazio eta publizitate gastuak finantziatzeko. Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatuak azaldu duenez, film hau “munduko sari-emate ekitaldirik ospetsuenaren partaide izateko hautagai izateak Gipuzkoa eta bere marka nazioartean indartzeko aukera paregabea” izan da, eta abentura hori nahi bezala bukatu ez bada ere, “Gipuzkoako lurralde osoari eragiten zion proiektu bat” dela zehaztu du, horregatik lagundu nahi izan dute egitasmoa.