Jendetza bildu da gaur Ordizian, Eguberrietako azokan
Izenak kontrakoa badio ere, gaurkoak gehiago zirudien udaberri garaiko feria, negukoa baino. Eguzkiak eta giro epelak lagunduta, jendetza bildu da goizean Ordizian. Animalien nahiz artisauen postuak ikusi, erosketaren bat edo beste egin eta talo bat janez, goiz pasarako tartea hartu dute goierritar askok.
Beti Alai pilotalekuko animali eta ganadu erakusketa izan da jende gehien bildu duen puntuetako bat. Eguerdi partean nahiko lan izan dute batzuk animaliak gertutik ikusteko. Astoak, pottokak, ahuntzak eta txerriak ikus zitezkeen bertan, ohiko oilo eta hegaztiekin batera. Garagartza plazan berriz, fruitu eta lore eskaintza zabala zegoen; toki berezia izan du bertako errezil sagarrak.
Pintxoak eta sinadurak
Ordiziako Gure Esku Dago egitasmoak antolatuta, Pintxo bat, sinadura bat kanpaina egin dute gaur. Barrena plazan jarri dute postua; txekorra erre eta pintxoak banatu dituzte. Ondoan, ekainean egitekoa den herri galdeketarako sinadurak biltzen ere aritu dira.