Ia 400 neska-mutilek hartu dute parte BKL-ren 3x3 saskibaloi txapelketan
Beasaingo eta Goierriko 400 haur eta beste hainbeste guraso elkartu ziren atzo goizean Beasaingo Antzizar kiroldegian. Helburu bera zuten guztiek: urte berriarekin batera Beasaingo BKL saskibaloi taldeak antolatzen duen 3×3 saskibaloi txapelketan parte hartzea. BKLren helburua, berriz, haurrak saskibaloian jokatuz saskibaloian zaletzea da. Antolatzaileen esanetan, arrakastatsua izan da aurtengo edizioa ere.
2004 eta 2007 bitartean jaiotako neska-mutilentzako lehiaketa izaten da, eta saski bakarraren inguruan jokatzen dira partidak. Guztira, 94 taldek eman zuten izena eta kiroldegiko bi aretotan banatu zituzten taldeak.
Irabazleak
- 2004an jaiotako nesketan Beasaingo Laukote Majikoa taldea izan zen irabazlea eta mutiletan Beasaingo Los diablos taldea.
- 2005ko urtekoetan, nesketan, Ordiziako Bostak Bat taldeak jaso zuen txapela eta mutiletan Beasaingo Red Bull taldeak.
- 2006ekoetan, nesketan zein mutiletan, Ordiziako Azatxo eskolako bi talde nagusitu ziren.
- Eta 2007koetan, azkenik, nesketan Beasaingo Izarrak eta mutiletan lazkaotarrak nagusitu ziren. Dena den, haur guztiek jaso zituzten dominak.