Ormaiztegin ere Aitor Hernandezek irabazi du, eta Goierriko ziklo-krosean txapela hirukoitza lortu du
Abenduan Beasaingo eta Legazpiko ziklo-kros probak bereganatu zituen bezala, atzo Ormaiztegiko 45. Ziklo-Krosa irabazi zuen Aitor Hernandez ziklista ermuarrak, elite mailan. Javier Ruiz de Larrinaga geratu da bigarren, esprint estua egin arren. Hirugarren, metro batzuk atzeraxeago, Ismael Esteban kantabriarra sailkatu da.
Emakumezkoetan, elitean Olatz Odriozola izan da nagusi, eta 23 urtez azpikoan Eider Merino. Mutiletan, Jokin Alberdi andoaindarrak afizionatu gisa zeukan lehenengo lehia irabazi du. Udan beteko ditu 18 urte, eta juniorretan ahalmen handia erakutsi ondoren, urte berriarekin jauzi egin du.
Ormaiztegiko ziklo-krosak 45. ekitaldia bete du, 53 urtean. Estatuko txapelketa zaharrena da, gaur egun. Anton Barrutia ziklista ohia ere omendu zuten, igandean. Duela 50 urteko proba irabazi zuen iurretarrak. Espainiako Telebistaren orduko grabaketa-irudi batzuk ere jarri zituzten antolatzaileek.