Comet: askatasunerantz bidea
Ostadar mendi taldeak Comet bidearen inguruko ibilaldia antolatu du iganderako, erresistentziak gerrako pilotuak etxera onik bueltatzeko asmatutako bidean barrena.Comet sarearen historia norbanako ausart askoren bizipenek harilkatutako historia da. Big...
Ostadar mendi taldeak Comet bidearen inguruko ibilaldia antolatu du iganderako, erresistentziak gerrako pilotuak etxera onik bueltatzeko asmatutako bidean barrena.
Comet sarearen historia norbanako ausart askoren bizipenek harilkatutako historia da. Bigarren Mundu Gerraren ingurumarian, Belgikan eta Frantzian, naziek eraitsitako pilotu aliatuak etxera onik bueltatzeko nazioartean sortu zuten sareari deitu zioten Comet. Euskal Herrira iritsita, Lapurditik Gipuzkoara eramaten zituzten pilotuak. Handik Madrilera, eta gero, Gibraltarrera. Behin eremu seguruan, hegazkinez bueltatzen ziren asko jaioterrira, Ingalaterrara.Euskal Herriko Comet bidean barrena, ibilaldi didaktiko-gidatua antolatu du igande honetarako Urretxu-Zumarragako Ostadar mendi taldeak. Bideak berak baino «bertan gertatutako istorioei» emango diote garrantzia, Jon Mikel Intsausti antolatzaileak esan duenez. Bi etapatan egingo dute bidea, «igande honetan Lapurdi aldekoa eta otsailaren 14an, Gipuzkoakoa».
Pilotu aliatuak Donibane Lohitzunetik sartzen ziren Euskal Herrira, handik Urruñara bidea egiteko. Urruñan hasiko dute, hain zuzen, Ostadarrekoek ibilbidea. Bidegain Berri baserrian egingo dute lehenengo geldialdia. «Etxe frankoa zen, eta pilotuak atseden hartzeko ezkutatzen zituzten bertan».
Bueltako bidearen latza
Han itxaron behar izaten zuten mugalariak iritsi bitartean. «Florentino Goikoetxea hernaniarrak eta Andreé de Jongh-ek gidatzen zituzten mugaz bestalderako bidean». Kalbariomendi azpiko lepotik Xoldokogainera doan bidean gora egiten zuten, gero, «Osin lepo alderako bidetik barrena Bidasoa ibaira jaisteko». Gauez egiten zuten bidaia, eta ibaia zeharkatzea sarri arriskutsua ere suertatzen zen. «Badira zeharkaldian itota zendu ziren pilotuen istorio ugari ere».
Ostadarrekoen ibilaldia, Biriatuko mugan amaituko da, igandean. Gerrako pilotuei, ordea, bide luzea gelditzen zitzaien oraindik etxera iritsi arte. Sarri, ordea, bidaiaren latza zorionezko amaierek samurtua izan zen.