Dagoeneko martxan dauden Idiazabal Lurraldea eta Basque Highlands produktu turistikoak sendotzen jarraituko du. EDEN sariaren oihartzuna ere baliatuko du.

«Promozioa, promozioa eta promozioa da gure aurtengo erronka; horretarako tresna berriak sortuko ditugu eta Europak eskaintzen digun leihoa ere kontuan izango dugu». Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak hitz horiekin laburbiltzen du 2016ari begira duten egitasmoa. Helburu nagusiak, berriz, bi: Naturari eta gastronomiari lotutako produktu turistiko berriak sortzea eta Goierri Gastronomika (Idiazabal Lurraldea) eta Basque Highlands proiektuak sendotzea batetik, eta bestetik, Goierri behearen promozioarekin eta komertzializazioarekin jarraitzea, komunikazio eta marketin bitarteko hainbat erabiliz.
Hiru ardatzetan oinarritzen du Goiturrek bere kudeaketa: Lehiakortasuna; Produktuak; eta Promozioa eta komertzializazioa. Lehiakortasunean, kalitate turistikoa eta irisgarritasunaren inguruko programak biltzen dira harremanak barne eta kanpo erakundeekin; Produktuetan, Mice (
Meeting, Incentives, Conventions and Exhibitions), gastronomia, natura, kultura eta Santiago Bidea; eta Promozioan eta Komertzializazioan beste bi ardatzetan egiten den lanaren hedapena egiten da.
2016rako berritasunak
Hasi berria den urteari begira egitasmo berriak ere baditu Goiturrek. Lehiakortasunari dagokionez, eta iaz jasotako EDEN saria baliatuz, Europako programetan «parte-hartzea aregoatzen ahaleginduko» dira, Osinaldek adierazi duenez. «EDEN saria duten beste lurraldeekin elkarlana bultzatuko dugu, eta finantzazio iturri berriak aurkitzeko ahalegina egingo dugu». Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzarekin «etengabeko harremana» landuko dutela adierazi du Goiturreko zuzendariak .
Produktuen promozio atalean, Idiazabal Lurraldea marka sendotuko du Goiturrek, Idiazabal Gaztaren ibilbidea osatuz eta indartuz. «Gastronomiako Europako promozio sareetan txertatuko dugu Goierri,
Tasting Europe eta EDEN bezala sareak erabiliz». Horrez gain, GR-283 edo Gaztaren Ibilbideko webgune eta pakete turistikoaren aurkezpenak egingo ditu hainbat eragileren aurrean. Donejakue Bidea ere sustatu nahi du, eta horri lotuta, gizateriaren ondare izendatu duten San Adriango tunela promozionatzeko dinamizazio ekintzak garatuko ditu.
Promozioaren atalean, Basque Highlands markari bultzada emango diote, argitalpen berri bat kaleratuz. «Naturarekin erlazioa duten Goierriko produktu turistiko guztiek izango dute lekua». Sare sozialen lanketarekin ere jarraituko du Goiturrek.