Atzoko plenoan mozioa onartu zuten EAJk eta EH Bilduk. PSE-EE abstenitu egin zen.
Beasiango presoen hainbat sendiarteko eta lagun izan ziren atzoko plenoan.
Beasaingo Udaleko atzoko udalbatzak, EAJren eta EH Bilduren botoekin, Beasaingo Lierni Armendariz, Mikel Azurmendi eta Iban Apaolaza euskal presoak etxetik gertuen dauden kartzeletara ekartzeko eskatu zuen. Armendariz A Lamako kartzelan dago, Galizian. Azurmendi Valentzian eta Apaolaza Granadan.
Honela dio mozioak:
“Lierni Armendariz, Mikel Azurmendi eta Iban Apaolaza beasaindar presoakherritik batez beste 800 kilometroko distantzira dauden espetxeetan dauzkate. Behin eta berriz salatu izan dugu euskal presoen sakabanaketak suposatzen duen zigor gehigarria, kode penalak inon jasotzen ez duena eta presoen senideei zuzenean eragiten diena,batez ere modu gogorragoan, haur eta adin txikiko seme-alabei, gurasoekin ahal den era naturalenean harremana izateko eskubidea urratuz.
Esan bezala espainiar legedian presoa bere ingurutik ahalik eta gertuen egon behar duela jasotzen den arren, urteak dira euskal presoak euren bizitokietatik ahalik eta urrunen egoteko politika ezartzen ari dena. Honela, Espainiako gobernuak asmatutako neurriak, ematen du mendekua besterik ez duela bilatzen.
Gizarte sektore guztietatik salatzen ari den politika honek senideak eta haurrak etengabeko arriskuan jartzen ditu, egun osoan bidaiak prestatzen, astero milaka kilometro eginez eta sekulako dirutza xahutzen. Politika honek inoiz zentzurik izan ez badu ere, azken urteetan bizi dugun giroan oraindik ere ulergaitzagoa egiten da.
Eskari honetan euskal preso beasaindarrak euren etxetik gertu dauden espetxeetara gerturatzeko eskaera eta aldarrikapena egiten da mozio honen bidez. Eta bide batez erabaki honen berri honako erakunde hauei ematea proposatzen da: Presondegietako erakundeak, Arartekoa (Haur eta nerabeentzako bulegoa) eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza saila”.