Ezkioren eta Itsasoren banaketa aurten izango dela egintzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak
“Hurrengo hilabeteetan” bana litezke behin betiko Ezkio eta Itsaso, 1965eko martxoaren 2tik biek osatzen duten Ezkio-Itsasoko udalerria deseginda. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza diputatu Imanol Lasak egintzat eman du bereizketa, gaur Noticias de Gipuzkoa egunkarian adierazi duenez. Ezkio-Itsasoko Udalak egin beharreko kudeaketa oso aurreratuta dagoela, prozesua oso ondo doala, eta herritarrak ere parte-hartze prozesuan inplikatu direla esan ondoren, Itsaso eta Ezkio berriz bi udalerri beregain izateko borondateari ez dio inolako oztoporik ikusi, ez jarri.
Diputatuak gogorarazi du Ezkio eta Itsaso batzea frankismo garaian diktadurapean behartutakoa izan zela, 1960ko hamarkadan. Legeak derrigortasun horretan batutakoei aukera ematen die atzera bereizteko, baldin eta herritarren adostasuna eta borondate nahikoa badago.
Prozedurari dagokionez, lehenik Ezkio-Itsasoko Udalak Diputazioari bidaliko dio banaketaren adostasun erabakiaren txostena. Ondoren, Gipuzkoako aldundiarena izango da azken hitza. Dekretu bat onartuta ahalbidetuko du bi udalak sortzea. Hala, Itsaso Goierriko 23. udalerria eta Gipuzkoako 89.a bihurtuko da —Igeldok du berez zenbaki hori, baina auzitegietan dago haren banaketaren afera—.
Gaur-gaurkoz, Ezkio-Itsasoko Udalak ez dauka zehaztuta txostena onartzeko batzarra zein egunetan egingo den. Oraindik “sukalde lanean” ari dira: “Azkeneko puntuan gaude, estipulazio txostena prestatzen ari gara”, azaldu dio gaur goizean Ezkio-Itsasoko alkate Garikoitz Aiestak Goierriko Hitza-ri. “Estipulazio txostena ordezkaritza desberdinen arteko adostasuna da, etorkizuneko errealitate hori definitzen joango den txostena. Nahiko ondo goaz, eta hil honetan zehar errematatzea da intentzioa”.
Estipulazio dokumentua denen artean adostu eta bukatu, eta gero etorriko litzateke udalbatzarra, eta han onartuko litzateke espediente guztia foru aldundira bidaltzea. Ondoren, diputazioari dagokio banaketa dekretua onartzea. “Horretarako epe zehatzik ez digute jakinarazi aldunditik. Esan digute herrian partaidetza zabalez burututako prozesua denean, herri borondatea dagoenean eta sintonia onean doanean, beti errazago dela. Baina epe zehatzik ez digute esan”, dio alkateak.
Gauzek normaltasun bidetik segitzen baldin badute, orain arte bezala, eta Diputazioaren prestutasuna ikusirik, hilabete gutxiren buruan —uda aurretik izan liteke—, Ezkio eta Itsaso udalerri bana izango dira.