Gabonen amaierarekin batera hasi zen atzo
merkealdia Hego Euskal Herrian -Iparraldean herenegun-. Denda eta komertzioetako produktuak beherapenekin aurkitu ahalko dira hurrengo egunotan, eta asko izango dira merkealdia hauetan erosteko aprobetxatuko dutenak. Beasainen hasieran jende asko ibili ez bazen ere, eguerdi bueltarako kale eta dendak jendez beteta ikusteko aukera izan zen. Hala ere, bertako dendariek azaldu dute, orokorrean,
iaz baino «baxuagoa» izan dela lehenengo eguna, eta baita Gabonen bueltako salmenta ere; atzo hasi bazen ere ofizialki merkealdia, duela pare bat aste inguru hainbat dendetan beherapenak ikus zitezkeen, ia denak %10 ingurukoak.
Beherapenen zain
Gizartean erosteko joera barneratuta dagoen arren, merkealdia izaten da askorentzat «altxor» bat aurkitzeko momentu egokiena. Izan ere, urtean zehar salgai egon diren produktuak beherapenekin saltzen dituzte. Beasainen, esaterako, ia denda guztiek
%30eko beherapenak dituzte beraien arropetan, baina badira
%40ko eta %50eko deskontua eskaintzen dutenak ere. «Jendea beherapenen zain egoten da, eta hori nabarituko dugu», adierazi du Ipotx arropa dendako Luisi Izquierdok. «Aste ona izaten da, eta mugimendu handia izaten da». Migdala dendako Nagore Olano iritzi berdinekoa da: «Jendea beherapenen zain egoten da, eta guri ere ondo etortzen zaigu». Urtean zehar saldu ez den arropa hori saltzeko aukera izaten dute dendariek merkealdian. «Jendeak gustura hartzen ditu beherapenak, eta guk, saltzaileok, ere bai», esan du Olanok.
Iaz baino gutxiago
Eguraldiak hala ez dirudien arren, neguan gaude. Neguko arropa zein oinetakoak, ordea, gutxi ikusi dira kalean zehar. Atzo goizean ia 18 gradu zeuden kalean, eta jendeak ez zeraman txaketa lodirik soinean. Arratsalde partean, berriz, eguraldia freskatzen hasi zen eta euria ere egin zuen. Negu beroa ari da izaten, eta hilabete hauetako eguraldi beroak eragina izan du, noski, hainbat produkturen salmentan: ez dira beharrezkoak izan aurtengo neguari aurre egiteko. Esaterako, Shiva arropa dendako Marisa Mendiak azaldu du aurten ez direla txaketa lodiak eta neguko berokiak ia batere saldu, jendeak ez duelako beharrik izan.
«
Eguraldi beroa guretzako oso txarra da», adierazi du Oskarbi oinetako dendako Matilde Iriartek. Oinetakoen salmentan nabaritu dute eguraldiaren eragina. «Hotza egitea ez da nahikoa guretzat, euria behar dugu», nabarmendu du. Euria egin ezean ez dira euritarako aproposak diren zapata eta botak saltzen, eta hori nabaritu dute aurten. Bat egiten du Rainbow zapata dendako Isidro Searak; haiek ere nabaritu dute oinetakoen salmentan jaitsiera. Ez du uste, ordea, eguraldian dagoenik gako bakarra. Gabonetan jendea herritik kanpora joaten dela uste du, eta horren ondorioz ez dela horrenbeste saldu. «Gabonetan kanpora joateko ohitura igotzen ari da, eta horrek eragina du hemengo salmentetan», azaldu du. Berriz dendako Itziar de la Sernaren iritziz, aurtengo Gabonetan ondo saldu da, baina hala ere iazkoarekin alderatuz, jaitsi egin da: «iaz lanez gainezka egon ginen; aurten, lan asko izan dugu baina ez iaz adina».