Legazpiko Gure Esku Dagok ekaineko herri galdeketa aurkeztu du
Gaur eguerdian Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 19ko herri galdeketa aurkeztu du Legazpin. Atzo, Ataunen, Gabirian eta Lazkaon egin zituen ekitaldiak Gure Esku Dagok. Ataunen eta Gabirian galdeketa aurkeztu zuten eta Lazkaon lokala ireki zuten.
Legazpiko aurkezpena Latxartegi aretoan izan da. Iñaki Azarolak eta Nerea Elustondok bina bertso abestu dituzte eta ondoren Gure Esku Dago dinamikaren ibilbidea laburtzen duen bideoa ikusi dute eta galdeketa aurkeztu dute.
Herri galdeketa Goierriko 22 herrietan egingo dute. Galdeketa prozesuaren helburuak herritarren elkargune izatea, herritarren borondaterari bide ematea, herritarrak ahalduntzeko tresna izatea, herritarrak protagonista bihurtzea eta Euskal Herrirako eredu bat eraikitzea dira. Prozesua zilegia izateko, gizarte ekimena, gardentasuna eta zabaltasuna derrigorrezkoak dira. Plangintzari dagokionez, urtarrila eta otsailean galdeketaren aldeko sinadura bilketa egingo da. Legazpin 800 sinadura jaso nahi dituzte. Gainera, galdera komisioa sortuko da, galdera adosten hasiko dira eta herrietan hitzaldiak eta batzarrak egingo dira. Apiriletik ekainera bitartean, galdera aurkeztuko dute. Bestalde, apirilaren 16tik 18ra autodeterminazio eskubidearen manifestuaren 85. urteurrena ospatuko da. Manifestu hau Zaldibia, Arama eta Itsasondon aurkeztu zen. Ekainaren 12an Adierazpen Eguna egingo dute Euskal Herriko hainbat herritan eta ekainaren 19an galdeketa egingo da.
Hau guztia aurkeztu ondoren, Andres Menak eta Unai Aldasorok abesti bat jo dute eta sinadura bilketaren berri eman dute. Sinatzaileak Goierrin erroldatuak egon behar dira eta 16 urte edo gehiago izan behar dituzte. Sinadura bilketa gaur hasi dute. Sinatu nahi dutenek, astearte eta ostegunetan egin dezakete, 19:00etatik 20:00etara, Gure Esku Dagok Legazpiko Kale Nagusian duen lokalean.
Gaurko ekitaldiarekin bukatzeko, herriko hainbat musikarik Goierriko galdeketa girotuko duen kanta aurkeztu dute. Abesti hau Joxe Arizkorreta legazpiarrak konposatu du. Gaur herriko musikariek jo dute eta aurki grabatu egingo dute. Grabaketan eskualde osoko musikariek parte hartuko dute.
Horra hor gaurko ekitaldiko argazkiak.