Bolatako talde onena Mutiloan aterako da jaian, Zerain buru dela
Ereñotzuko lehen jardunaldian Zeraingo taldea jarri da lider. Hamabost talde ari dira, sei Goierrikoak. Lehen aldiz, bailaran emakumeen talde bat sortu dute: OnenakBola denboraldiko lehenengo txapelketa ofiziala Mutiloan bukatuko da, igandean. Taldeka...
Ereñotzuko lehen jardunaldian Zeraingo taldea jarri da lider. Hamabost talde ari dira, sei Goierrikoak. Lehen aldiz, bailaran emakumeen talde bat sortu dute: Onenak
Bola denboraldiko lehenengo txapelketa ofiziala Mutiloan bukatuko da, igandean. Taldekako lehiaketa da, eta Ereñotzun aurreko igandean lehen tiraldia egin ondoren, bigarren eta azkeneko jardunaldiak itxiko du.
Seina bolari ditu talde bakoitzak, eta aurten partaidetza marka puskatu da: Gipuzkoa osoko 15 talde ari dira lehian, horietatik sei Goierrikoak: Zerain, Osinalde A eta B (Gabiria), Txoritegi (Segura), Danantzako (Legazpi) eta Onenak (Gabiria-Zerain). Denera 90 bolari dira, urtean zeharreko txapelketarik jendetsuena.
Beste berritasun bat emakumezkoen partaidetza da. Goierrin, lehen aldiz, emakumeen talde bat eratu dute, Onenak, Gabiriako eta Zeraingo bolarien artean. Beste emakumezko talde bat ere bada, iaz ere parte hartu zuen Villabonako Behar Zana A.
Zerain, sailkapenaren buru
Mutiloako jardunaldi erabakigarrira Zerain taldea lider joango da. Hiru puntuko aldea atera zion Ereñotzun Ategorrietari, eta 5ekoa CD Hernaniri. Hernaniko talde horren erdia ere goierritarrek osatzen dute. Laugarren Gabiriako Osinalde A dago.
Iaz ere Mutiloan bukatu zen taldekako lehiaketa. Orduan Segurako Txoritegikoek jantzi zuten txapela, seiek tiraldi borobila egin eta emaitza iraulita.
Goiz eta arratsalde ariko dira bolatan, Gurruntzain pilotalekuko bolatokian. Izena emateko ordutegia 08:30etik 11:00etara eta 16:00etatik 17:00etara da.
Hurrena Bikotekako Txapelketa etorriko da, lau jardunaldirekin. Idiazabalen (31n) eta Olaberrian (otsailak 21) dira bi saio.
Taldekako sailkapena 1. Zerain (Zerain) ………………… 277 2. Ategorrieta (Donostia) ………. 274 3. CD Hernani (Hernani) ………. 272 4. Osinalde A (Gabiria) …………. 270 5. Zelai-Ondo (Zarautz) ………… 269 6. Txoritegi (Segura) …………….. 266 7. Urnieta (Urnieta) ……………… 266 8. Danantzako (Legazpi) ………. 251 9. Elurtxori (Hernani) ………….. 251 10. Ur-Mia (Ereñotzu) ………….. 248 11. Osinalde B (Gabiria) ………… 247 12. Ostadar (Lasarte) ……………. 244 13. Onenak (Gabiria-Zerain) …. 216 14. Behar Zana B (Villabona) … 212 15. Behar Zana A (Villabona) … 179














