Landatzeko garaian, salgai zuhaitzondoak
Urteko bigarrenean, giro hotzean, lehen zuhaitz landareak Joan Amezketa kalean eta arkumeak merkatu dira nabarmen
Urte hasieran ohikoa izaten da zuhaitz landareak aukeran Ordiziako azokan izatea. Joan Amezketa kalea izaten dute azken urte hauetan kokagune. Tren geltokitik gora doan kale hau plaza gunetik aparte antzean gelditzen bada ere, tokiaz gustora daude saltzaileak. «Kotxearekin bertaraino etor daitezke erosleak, praktikoa da, kezka handiagorik badugu» zioten azken urte hauetan etorri ohi diren saltzaile fidelak: Zegamako Arakama anaiak, Albisturgo Lasa, Ataungo Dorronsoro eta Zaldibarko Areitio. Zuzenean etxetik saldu ohi dutela eta merkatura etortzeak probetxu handirik gabeko lan erantsia dakarkiela zioten. Aldiz, «mendia zerbait mogitzen hasi da. Pinuak tipulatu egiten dira luzegi utziz gero, eta horiek kendu eta berriak sartu…; ez bakarrik pinua pago, haritz gutxi batzuk ere bai». Epe luzerako arboletan pentsatzea zailagoa dela zioten. «Diruak agintzen du honetan ere, eta agurona datorrenari heltzen zaio» esan zuten aho batez.
Prezioari dagokionez, iazko parean mantentzen dituzte. Labur bilduz, fruta arbola gehienak 6€, kiwia 10en (bai txertatua eta baita lakatza ere), zitrikoak eta intxaur eta gaztain txertatuak 20an. Basoko zuhaitzetan ere aukera handia dago pagoa, haritza, insignisa, izeia, sekuoia… 0,22 eta 1€ artean motaren arabera. Lorategikoetan, kamelia eta erramua arruntenak, eta itxiturak egiteko leilandi motako zuhaizka erabili ohi da gehien bat.
Arkumeari dagokionez, atzo Ordizian 16 buru saldu ziren 3 eta 4 €/k. Garsabik emandako informazioaren arabera, etxetik bertatik jasoko diren arkumeentzako martxora artean finkatutako prezioa 3,08€/k+BEZa.
Lore gehiago aukeran
Lorategiko aza gorrixka, krabelinak, txilarra edota primulak ikusi ditugu orain arte zeuden biola, pentsamentu, ziklamen eta azalearekin. Udaberrirako aurkeztuko duten eskaintzan dute ia burua.
Hilabeteko bigarren astea izanik, Goienetxe Fundazioko kideak beraiek egindako eskulanak eta bidezko merkataritzako produktuak saltzeko postua jarri zuten, baina ez ohiko tokian, plaza sarreran propio prestatzen den aterpean baitzeuden atzo.













