Lazkaoko Gurutze auzoa berritu, eta lurpeko garajeak eraiki nahi dituzte
Kaleak eta etxarteak berrituko ditu udalak, 2,8 milioirekin, lehen dorretik 6ra. Garaje itxiak saldu egingo lirateke. Ekarpenak egin daitezke, astebetez, Hirigoiengo eskolan
Lazkaoko Udalak agintaldiko azpiegitura-berritze proiektu handienetako bat abiaraziko du, aste honetan. Gurutze auzoko 1-6 zenbakien arteko eremua berrituko du, nola urbanizazioko irisgarritasun baldintzak hobetzeko, hala oinarrizko azpiegiturak aldatzeko.
Lan horiek baliatuz, asmo zabalagoa ere badu: lur azpiko aparkalekuak eraiki nahi ditu Lazkaoko Udalak, saltzeko. Proiektuaren berri emateko, eta urbanizazio aldetik herritarrek ekarpenak egin ahal izateko, astebeteko informazio-truke epea jarriko dute.
Etzitik hurrengo ostegunera (urtarrilak 21-28), Hirigoiengo eskola txikian, udal arkitektoa eta bere taldekoak herritarrei azalpenak ematen ariko dira, 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:00etara. Lazkaotarrek iritzia, aldaketa proposamenak eta ideiak ere eman ahalko dituzte.
Bestetik, ekarpenak jasotzeko beste bi bide emango ditu udalak: telefonoz (688 632 144) eta postaz (gurutze@lazkao.eus).
Garajeen interesa neurtu
Batetik, Gurutze 1-6 eremuko kale, etxe tarte eta plazak berrituko ditu udalak. Hirigoien kalearen eta Gurutzeko lehenengo sei etxebizitza-dorreen arteko espazioak berreskuratuko dituzte, gehiena oinezkoentzat egokituz. Agauntza errekaren alboko pasealekua ere berrurbanizatuko dute.
Lan hori burutzeko 2,8 milioi euroko aurrekontua du udalak. 2015-2019 agintaldirako aurreikusitako jarduera «garrantzitsuena» da diru kopuruz —kiroldegia zabaltzeko proiektuarekin batera—, Felix Urkola alkateak atzo adierazi zuenez.
Aurten urbanizazio proiektua idaztea da asmoa. Ondoren, lan osoa hiru alditan burutuko da, diru baliabideen arabera.
Bestetik, lurpeko hiru garaje handi egitea da asmoa, Gurutze 1-2 aurrean bat, 3-4 parean bestea, eta 5-6ko plazapean hirugarrena.
Denera 120 garaje sortuko lirateke, itxiak, 5,5 metro luze eta 3 metro zabalekoak. Bakoitzaren prezioa 20.000 euro inguruan baloratu dute.
Saldu egingo lizkieke udalak interesa duten erostunei. Horretarako, lehenbizi zer interes dagoen neurtu nahi du, erosle potentzialen kopurua jasota. Urbanizazioari buruzko informazio-epean —datorren ostegunetik hurrengora— izena eman ahalko dute Gurutze auzoan lurpeko garaje bat erosiko luketenek.
Urbanizazio lanen aurrekontutik aparte izango da lurpeko aparkalekuen eraikuntzarena, erosleek finantzatu beharrekoa, «kopuru osoa bideraezina ez izateko», Urkolaren hitzetan. Jasotako eskarien eta interesaren arabera eraikiko lituzkete, etorkizunean, hiru garajeak.













