Aurtengo lehen udaberriko ziza eskukada salgai izan da Lasaren postuan. Landareetan, berriz, lasaitasun garaia da oraingoa.
![Arizmendi_gaztak__urteko_a](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/01/Arizmendi_gaztak__urteko_a.jpg)
Arizmendi gaztak: Itziar Etxeberria, Pepita Arizmendi ama lagun duela.
Bi hilabete ontzen utzi ondoren, salgai da inguruko artzainek eskuz eta latxa ardi gordinarekin egindako denboraldi honetako gazta berria. Epe hori beharrezkoa izaten da salgai eman aurretik. Ofizialki aurkezpena martxoko azken asteazkenean egingo da, Artzain eguna ospa- tzearekin bat, merkatu berezia egin ohi den pazko asteko asteazken horretan. Jendeak estimazio handia diola gazta honi zioen atzo Itziar Etxeberriak, Arizmendi gaztak postukoak. Aita Joxe Mari eta ama Pepitaren laguntza paregabea izaten da astero udaletxe azpiko postuan Itziar. Ama Pepita Arizmendi izango da gaur egun feria honetara etortzen urte gehien daramana, betitik, txiki-txikitatik, zioenez. «70 urtetik gora, eta ia 80tik gora dauzka», erantsi zion alabak. Orain duela 17bat urte Itziarrek hartu zuen lekukoa. Prezioari dagokionez, 17-18€/k. hasi dute. Bide batez, aipatu behar da ardi gazta zaharra 17,5-22 euro artean dela.
Chanel 5 baino usain hobea
![Udaberriko_zizak_Ordiziako](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/01/Udaberriko_zizak_Ordiziako-205x300.jpg)
Patxi Jauregi, udaberriko lehen zizak usaintzen.
Halaxe entzun genion Patxi Jauregi orendaindarrari ziza eskuetan hartu eta sudurrera eraman orduko, eta «bere garestian, angulak baino merkeago» erantsi zioten aldamenetik. Gutizi estimatua bezain garestia, 200 bat gramo bildu ditu Ataungo Aierbek, eta Lasaren postuan ziren salgai 200€/k.ko proportzioan.
Lore landareen panoramari begiratuz, lasaitasun garaia da, bai lurrarentzat bai lanari dagokionez. Izan, badaude tipulinak, martxoko tipulak, bitarteko porruarekin hasi dira batzuk, baina lanei ekiteko oraindik garaiz antzean da. Duela hilabete batzuk ereindako ilar eta babei begira daude, eta haien bilakaera nola doan zaintzen zenbait. Aldiz, bukatu dira brokoli, azalora, romanesku, bruselaza eta antzekoen landareak.
Dotore, berriz, irasagar japoniarra edo
Chaenomeles japonica izeneko zuhaixkaren adarrak loretan. Urtero bezala, Juanita Murgiondok zituen salgai. Loratzen lehenetakoa da, eta bere lore gorri ikusgarriekin oraintxe egoten da deigarri.