Martxoaren 12 eta 13an egitea da proposamena. Hondakinen mahaiak herenegun egin zuen lehen bilera. Komunikazio kanpaina otsailaren 22an abiatuko litzateke
Hondakinen inguruko galdeketaren prozesua zein izango den zehazteko mahaia osatu dute Ordizian. Astearte arratsaldean elkartu zen lehenengoz Hondakinen Mahaia. Oraingoz data zehaztu gabe badago ere, udalak martxoaren 12an eta 13an egitea proposatu du. Datozen bi bileretan zehaztuko dute kontsultarako erabiliko duten galdera eta metodologia.
Hasiera batean udalak ohar bidez zabaldu zuen martxoaren 12 eta 13an finkatuta zegoela galdeketaren data, baina gerora informazio hori ez dela zuzena jakinarazi zuen. Oraindik ez dago data zehaztuta, udalak proposatu ditu data horiek kontsulta egun bezala. Kontsultaren bidez herritarrek beraien iritzia azaltzeko aukera izango dute, eta erabakiko dute herrian zein sistemaren bidez nahi duten hondakinak biltzea: atez ateko sistemaren edo bosgarren edukiontziaren bidez.
Kontsulta egin baino lehen hainbat pauso emango ditu Hondakinen Mahaiak. Hasteko, hurrengo bi bilerak noiz izango diren finkatu zuten: datorren asteartean, hilak 26, eta otsailaren 2an. Bilera horien helburua galdeketaren metodologia, eta galdera edo galderak zehaztea izango da. Jarraian, otsailaren 8 eta 19 bitartean Sasieta Mankomunitateko teknikariek kontsultaren prozedura eta alderdi teknikoak zehaztuko dituzte.
Komunikazio kanpaina, berriz, otsailaren 22an jarriko litzateke martxan. Informazio kanpainan zehar, mankomunitateko teknikariak izango dira herritarrei helaraziko zaien informazioa prestatzeaz arduratuko direnak. Galdeketa, berriz, martxoaren 12 eta 13an egitea proposatu du Ordiziako Udalak.
Hondakinen Mahaia osatzen duten hamahiru kideek hurrengo bileretan erabakiko dute noiz eta nola egingo den galdeketa. Honako kideek osatzen dute mahaia: alkateak, bost ordezkari politikok (EAJ, EH Bildu, Ordizia Orain, PSE-EE eta Irabazi Ordizia alderdietako banak), bi ingurumen teknikarik, Atez ateko sistemaren kontrako taldeko kide batek, eta herritarren lau ordezkarik. Sasieta Mankomunitateko teknikariek analisi teknikoa aurkeztu zieten mahaiko hamahiru kideei. Bertan jaso dituzte bilketa sistemak, kostuak eta herrien arteko konparaketa.
EH Bilduk kezka agertu du
Hasieran martxoaren 12 eta 13ko data zabaldu zela ikusita, kezka agertu zuen Adur Ezenarro EH Bilduko zinegotzi eta mahaiko ordezkariak, data horren berri prentsaren bidez izan zuelako. Haren hitzetan, Hondakinen Mahaiaren bileran «aipatu ere ez zen egin data zehatz bat». Horregatik, «errespetu falta izugarria» iruditzen zaio udalak prentsa-ohar bidez zabaltzea data hori.
Ordiziako udal gobernuari azalpenak eskatu dizkio Ezenarrok. Erabaki hori «izatekotan eurena» litzatekeela, eta «inola ere ez Hondakinen Mahaiarena» zehaztu du. Bestalde, Hondakinen Mahaiaren funtzioa zein den argitu dezatela eskatu du Ezenarrok.