«New Yorkeko eguneroko bizitza argazkietan islatzen saiatu naiz»
Bihar, 20:00etan, 'Nueva York, begirada bertikala' ikus entzunezkoa eskainiko du Julian Auzmendi (Azkarate, 1946) argazkilariak Legazpiko kultur etxeko areto nagusian.Noiz egin zenuen New Yorkera bidaia?2014ko urrian joan ginen, familiakook, astebetez....
Bihar, 20:00etan, ‘Nueva York, begirada bertikala’ ikus entzunezkoa eskainiko du Julian Auzmendi (Azkarate, 1946) argazkilariak Legazpiko kultur etxeko areto nagusian.
Noiz egin zenuen New Yorkera bidaia?
2014ko urrian joan ginen, familiakook, astebetez. Ni leku guztietara kamerarekin joaten naiz beti, eta ohitura dut gero ateratako argazkiekin ikus entzunezko muntaiak egitekoa. Argazki bakoitza ikustean, argazki hori ateratzen pasa nuen minutuaren oroitzapena etortzen zait, eta niri hori da gustatzen zaidana.
Nolakoak izaten dira muntatzen dituzun ikus entzunezkoak?
250 argazki ingururekin osatzen ditut, eta bata bestearen atzetik agertzen dira pantailan. Ordu erdi inguruko iraupena izaten dute. Ikus entzunezko honetan, zehazki, 255 argazki soil sartu ditut, eta hamabi panoramiko. Paisaia oso zabal bati kamerarekin argazkia atera nahi badiot, panoramikoak ateratzen ditut. Adibidez, Brooklyngo zubiari.
Begirada bertikala izena jarri diozu ikus entzunezkoari. Zergatik?
New Yorken denbora guztian gora begira joan beharra dagoelako. Eraikinak oso altuak dira.
Zeri atera dizkiozu argazkiak?
Eraikinez gain, beste milaka gauza daude argazkiak aterazeko. Central Park, Times Square, Bosgarren hiribidea, Broadway… New Yorkeko eguneroko bizitza argazkietan islatzen saiatu naiz. Egun osoa kalean pasatzen genuen, hirian gora eta behera, eta pasatzen ginen leku guztiei ateratzen nien argazkia. Metroan ere atera nituen argazkiak; musikari asko izaten dira metroan, eta arraza ezberdinetako jende pila bat. NBAko partiden aurretik kalean zenbat jende biltzen den ere ikusgarria da. Argizarizko irudien museoak ere piztu zidan arreta, irudiak oso ondo eginda baitaude. Zero zonan ere izan nintzen, torre bikiak bota zituzten lekuan.
Gaueko argazkiak ere sartu dituzu, ezta?
Bai, Times Square gauez ikusgarria da, panel argitsu guzti horiekin. Limusina eta taxi pila bat kalean…
Zein argazki ateratzen gozatu zenuen gehien?
Central Parken goiz oso bat pasa nuen, bakar bakarrik. Udazkena zenez, oso kolore politak zeuden, eta gozatu egin nuen. Gainera, ni oso natura zalea naiz. Hango argazki dezente sartu ditut ikus entzunezkoan.
Eta zerk harritu zintuen gehien?
Arrazen nahasketak. Leku berean arraza ezberdinetako jende pila bat ikus dezakezu, eta horrek txunditu ninduen. Bestetik, indibidualismoak ere piztu zidan arreta, bakoitza bere munduan bizi da. Eta monumentuen tamaina hain handiak ere bai.
Judutarren auzoko argazkiak ere erakutsiko dituzu.
Ez zen lan erraza izan han argazkiak ateratzea. Judutar ortodoxoak dira, eta ez zaie gustatzen jendea argazkiak ateratzen ibiltzea. Hortaz, disimuloan atera nituen. Oso tradizionalak dira, batez ere, janzkeran. Eta ez dituzu ikusiko larruzko maleta batekin: plastikozko poltsak erabiltzen dituzte edozer garraiatzeko, ez zaielako erakuskeria gustatzen.
Ehundaka argazki aterako zenituen. Zaila da gero aukeraketa egitea?
Denbora eskatzen du. Hotelera joaten nintzenean, gauean, aukeraketa bat egiten nuen. 700 argazki ingururekin iritsi nintzen Legazpira, eta gero are aukeraketa zehatzagoa egin behar izan dut. Batetik, kalitatea izaten dut kontuan, eta, bestetik, esankorrak izatea. Izan ere, garrantzia ematen diot hango bizimodua islatzen duten argazkiak erakusteari, dena ez delako pelikuletan ageri den bezain ederra.
Musikak ere New Yorkekin izango du zerikusia.
Lekuan lekuko musika jartzea gustatzen zait. Oso musikazalea naiz, gainera, eta herrialdeetako folklorea ezagutzea gustatzen zait. Hortaz, soul, jazz, country eta gospel musika sartu dut ikus entzunezkoan. Lehenengo abestia Alicia Keys kantariak New York hiriari abesten dion bat da, eta azkena Frank Sinatraren New York, New York. Bien artean, era guztietako musika.
Zer esango zenieke legazpiarrei bihar zure emanaldia ikustera joateko?
New Yorken izan ez denak, han izan denaren sentsazioa izango du argazkiak ikusi ondoren, presaka bada ere. Niri gehien gustatzen zaidana da jendeak bukaeran galderak egitea, horrek esan nahi duelako interesatu zaiela.
Bidaia asko egin dituzu munduan zehar. Nora joan nahi duzu hurrena?
La Habanara joatea gustatuko litzaidake, Kubara.












