Landareen ukendugilea
Arantxa Zurutuza aramarrak landare-txertaketetan erabiltzeko erretxin berezia saltzen du, azokan. Aita zenari ikasi zion egiten. Aurki hasiko da txertatzen hasteko garaia. Jakintza hori ...
Arantxa Zurutuza aramarrak landare-txertaketetan erabiltzeko erretxin berezia saltzen du, azokan. Aita zenari ikasi zion egiten. Aurki hasiko da txertatzen hasteko garaia. Jakintza hori galtzen ari da, ordea.
Fruta arbolak txertatzeko garaia aurki hasiko da. Ilbeltzeko ilbehera hartzen dute batzuek aldatzeko, kimatzeko eta txertatzeko naturaren baimen aldiaren hasieratzat. Beste batzuek itxaron egingo dute oraindik. Baina lurra lozorrotik esnatzerako, prest dira.
Txertaketaren langintza etxetik barneratu du Arantxa Zurutuzak. Aramako Goiko Etxeberri baserrian, aita zenak mintegia zeukan. «Sagar landareak saltzen zituen». Lan horretarako ezinbestekoa zuen erretxina ere. Mentuak txertatzerakoan, landareari egiten zaion zauria ixteko ukendu bat ematen zaio, zauritik ihar ez dadin. Hori ere berak egiten zuen.
Azokaz azoka baserriko produktuak saltzen ibiltzen dira Arantxa Zurutuza-eta. Orain, salmahaian aukeran izaten dute txertaketa erretxina ere. Hasi dira saltzen; Ordiziako plazan aurreko asteazkenean.
Aitaren jakintzaren zati bat bereganatu du Zurutuzak, eta berak ere erretxina etxean egiten jarraitzen du. «Betidanik ikusi dugun zerbait da, aitak egiten zuelako. Etxerako beti egin izan dugu hemen, eta, gero, Ordizian Perratzailenerako ere egiten zuen, dendan saltzeko».
Denda hura itxi zuten, eta erostunak Zurutuza ahizpei eske hasi ziren, bai baitzekiten haiek egiten zutena.
Hiru osagairekin
Erretxin berezia egiteko, erretxina bera —zuhaitzetatik lortutakoa— erosi egiten du, 50 kiloko zakuetan. Segoa nahasten dio, eta pintura-hauts gorrizta bat ere bai. Kolorea eman eta landarea zimeltzen du hauts horrek. Zementutarako koloratzailea da, izatez. Sutan pertza handi bat ipini, eta han lortzen du pasta. Poto txikietan sartu, eta txotx batekin igurzten da txerto inguruan.
Oraindik fruta arbolak norberak txertatzen dituenik bada. «Badaude, baina jada jende askok ez daki. Galdu samartuta dago. Azkenean, mentua bildu behar da, eta ona behar du. Sagarra-eta nahiko errazak dira txertatzen; gerezia eta horiek, niretzat zailtxeagoak dira».
Jakiteak —eta egiteak—, ordea, badu ordainik: «Etxean txertatzen duzunak, badakizu zer emango dizun».