Herenegun Bilboko Arriaga antzokian egin zuen Txalo konpainiak
Heroiak antzezlanaren estreinaldia. Bi egunera, gaur, Zaldibian ikusi ahalko da, ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko hiru aktorek jokatuta.
2016ko denboraldirako Txaloren ikuskizun aipagarrienetakoa izango da. Joxe Ramon Soroiz aktore legorretarra, Ramon Agirre eta Kandido Uranga beteranoek betetzen dute agertokia. Agirrek berak frantsesetik euskaratutako
Le vent des peupliers (Makal arbola arteko haizea) lanaren moldaketa da. Gerald Sybleyras antzerki idazle frantsesarena da jatorrizko gidoia (2003). Moliere sarietan lau izendapen jaso zituen.

‘Heroiak’ antzezlaneko hiru aktoreak: Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Joxe Ramon Soroiz, soldadu izandako beterano gisa zahartuta./Txalo
Aje asko dituzten hiru soldadu beterano dira istorioaren euskarriak. Gerran zaildutakoak bere garaian, gudari ohien egoitza batean bizi dira. Enriquek herrena dauka, Gustavok leku zabalei agorafobia die, eta Feliperi zorabioak ematen dizkio buruan sartuta geratu zitzaion metraila zati batek. Egoitzatik ihes egitea pentsatuko dute; nora joan garbi eduki gabe, ordea.
Hiru heroiez gain, harrizko estatua bat dute laugarren kidea. Begoña Bilbao da zuzendaria.
Zaldibian
Heroiak antzezlanaren ikuskizuna —Goierriko estreinaldia da— gaur 22:30ean hasiko da, antzokian. Sarrera 10 euro da.