Herriak Elkarlaneko boluntarioak, gaur, Lazkaon, azken kontainerra prestatzen.
Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak gaur goizean prestatu du Lazkaoko Zubierreka industrialdean Haitira bidaltzeko azken kontainerra. Erakundeak
barne hausnarketa bat abiatu zuen orain denboraldi bat, eta haren ondorioetako bat izan zen kontainerrak bidaltzeko zeregina bertan behera uztea, lan hori hartzen ari zen tamaina ikusita. “Gure erakundearen baliabideak ez zetozen bat hartzen ari ginen lanarekin, profesionalizaziora jotzeko bidea ikusten genuen, eta hasiera-hasieratik garbi izan dugu gure lana borondatezkoa izango zela. Muga horiek ikusita, gure erakundea berregituratu, eta beste lehentasun batzuk zehaztu ditugu”, adierazi du Gorka Eskalante Herriak Elkarlanean-eko kideak.
Azken kontainer horretan 23 tona laguntza bidali dute, tartean 7.000 kilo elikagai, Soraluzen eta Zerainen jasotakoak besteak beste. Erakundearen egoera aintzat hartuta, aurten ez dute elikagai eskaririk egin Goierrin, baina eskerrak eman dizkiete urte hauetan guztietan lankidetzan aritu ziren elkarte, ikastetxe eta enpresei: Irizar, Beissier, Natra Zahor, Ordesa, Dikar, Ducha Ya, Fremap, Beasaingo Lizeo Alkartasuna, Zerain, Soraluze, Txilibutxof aisialdi taldea, Eskibel, Ikastola txikien elkartea…
Halaber, Herriak Elkarlanean-ek adierazi du erakundearen ekintzetan erabili izan duten material guztia (platerak, mahai tresnak, hozkailuak, eltzeak…) Haitiko lurrikararen ondoren sortu zen umezurztegira bideratuko direla.
Aurrerantzean, bi lehentasun
Laguntza bidalketa alde batera utzita, bi izango dira aurrerantzean erakundeak izango dituen lehentasunak: bat, Bidezko Merkataritza, eta bestea, lankidetza proiektuen garapena eta finantzazioa. “Gure lanarekin ilusionatuta jarraitzen dugu, eta denon laguntzarekin gure buruari jarritako lehentasunak beteko ditugula ziur gaude”.