
Movistar Team txirrindularitza taldeak gaur eguerdian egin du 2016ko denboraldiaren aurkezpena, Madrilen. Goi mailan jarraitu nahi du taldeak, eta Giroa, Tourra eta Joko Olinpikoak izango dituzte helburu nagusien artean. Eusebio Unzuek gidatuko duen taldeak 27 txirrindulari izango ditu, tartean, Gorka eta Jon Izagirre anaiak; taldeburu moduan berriz, Nairo Quintana eta Alejandro Valverde ariko dira. Aurtengo fitxaje nagusiak berriz, Nelson Olivera, Dani Moreno, Carlos Betancur, Jorge Arcas eta Antonio Pedrero izango dira.
Egutegiari dagokionean, Mallorcako Challengea (hilaren 28tik 30era) izango da hurrengo erronka. Otsailean berriz, Duran Tour, Valentziako Volta, Murtziako Vuelta, Almeriako Klasikoa, Andaluziako Vuelta eta Algarveko Volta izango dituzte.
GORKA IZAGIRRE
- Ormaiztegi, 1987
- 2008tik profesionaletan
Movistar taldearen arabera, “kalitate handiko gregarioa” izateaz gain, emaitzak ere lortzen dituen txirrindularia da. 2014ko Ordiziako klasikoa, Espainiako CRI Txapelketan bigarren postua, edota Paris-Nizan eta Down Underren Top10-ean sartu izana azpimarratu dituzte. Aurtengo helburuen artean “Nairorekin [Quintana] batera Tourra irabaztea” dagoela dio ormaiztegiarrak, eta 2016an “pauso bat aurrera eman eta azken urteetan izan dudana baino maila hobea erakustea” daudela.
ION IZAGIRRE
- Ormaiztegi, 1989
- 2009tik profesionaletan
Izagirre anaietan gazteenak urte borobila osatu zuen iaz. Podiumeko hainbat postu lortu eta gero, Poloniako Itzulia irabazi zuen, eta hirugarren egin zuen Euskal Herriko Itzulian. Astebeteko itzulietan ikusten du bere burua ondoen, eta aurten ere saiatuko da lorpenen bat egiten. “Batez ere taldekideei eta taldeari lagundu nahi diet, garaipenak lortu eta txirrindulari bezala ikasten eta hazten jarraitu”.