Imanol Aizpuru eta Xabier Anuntzibai beasaindar artistak Beasaingo Institutura eta Senpere auzora doan pasabidean murala margotzen, istorio berria idazten ari dira egunotan.
Imanol Aizpuru eta Xabier Anuntzibai beasaindarrak.
Beasain Institutura doan pasabidean hainbeste urtean idatzitako mezuen gainean, mural koloretsua marrazten ari dira egunotan Beasaingo Imanol Aizpuru eta Xabier Anuntzibai artistak. Maite zaitut, gorroto zaitut eta formula matematiko mezuen gainean istorio berria idazten ari dira, kasu honetan, marrazkien eta margoen bidez.
225 metro koadroko istorioa osatzen ari dira. Bataren eta bestearen ideiak zirriborro edo bozeto batean marraztu, Beasaingo Udalari aurkeztu, oniritzia jaso eta hormetan marrazten ari dira orain. Xabier Anuntzibairen esanetan, «bakoitzak bere ideiak planteatzen ditu, gure artean elkartu eta bozetoa prestatzen dugu elkarrekin». Orri txiki batetik pareta luze batera pasatzeko unean, ordea, «inprobisatu edo egokitu behar izaten dugu askotan. Gauza bat da paperean egiten duzuna eta bestea errealitatea. Bozetoa gida edo ardatz bezala erabiltzen dugu», gaineratu du Imanol Aizpuruk.
Artista bakoitzaren pertsonaiak eta elementuak uztartzen ari dira muralean. «Istoriotxo handi bat bezala da, baina ez gara zerbait zehazki kontatzen ari. Ideia guztiak batera jartzen ditugu eta bakoitzak bere istorioa asma dezake».
Gazte askoren pasabidea dela kontuan hartuta, «beraientzako estilo erakargarria dela uste dugu. Nahikoa freskoa da».
Koloretsua ere bada: «Kolorea Imanolen eragina da. Oso kolore biziak erabiltzen ditu Imanolek, nik apalagoak. Baina batera gaudenean saiatzen gara bion arteko konexioak egiten. Antzeko koloreak erabiltzen ditugu ahalik eta orekatuena geratzeko», argitu du Anuntzibaik. Pintura plastikoa eta espraiak ari dira erabiltzen. «Espraia uste baino gehiago erabiltzen ari gara adreilu tarteak eta testurak horrela eskatzen duelako». Muralaren edukia sekretupean mantendu nahi dute, baina aurreratu dutenez, balea, Txindoki, Olaran, kalabera… irudikatuko dituzte. Baleak, ondoan dagoen etxeko leihoak izango ditu margotuta.
Dena den, pena bat badute bi artista beasaindarrek: ezkutuan dagoen lekua dela eta jende askok ez duela beraien artelan berria ikusiko. «Ordu asko inbertitzen dituzu lan batean eta amorrazio puntu bat ematen du ezkutuan gelditzeak».
Ziurrenik, bertatik pasatzen direnek mezuak idazten jarraituko dute. «Ezin gara poliziak bezala egon gure muralaren integritatea babesten. Momenturen batean egokituko zaigu konpondu behar izatea», diote.