Barrutik kanpora, sinadura bidez
Zine eta telebista izarrek gero eta argazki gehiago ateratzen dituzte zaletuekin, autografoen kaltetan. Selfie-ak daude modan; norbere aurpegia, ahalik eta ederren, pertsona famatuarenaren ondoan agertzea dugu gustuko, eta gero sare sozialetan zabaltzea, noski, denek ikus dezaten. Gero eta jende gutxiagok du sinadurez betetako koadernotxoa kaxoian ondo gordeta.
Postariak ere ez du boligrafoz egindako sinadurarik biltzen gutun ziurtatua banatzen duenean. Pantailadun gailua eta sinatzeko balio duen tramankulu txikia uzten dio hartzaileari eta honek, ahal duen moduan, zirriborro ulertezina egiten du sinadura behar zuen tokian.
Papereko sinadurak urritzen ari diren garaian, idazten jakin ez eta sinadura moduko zirriborroa egiten asmatzen zuten gure aiton-amonak edota euren aurrekoak datozkigu gogora. Haiek ez zituzten hatzak ordenagailuko tekletan sakabanatzen, eskuaren kolektibotasuna hautsi eta indibidualtasunari bide eginez. Esku osoarekin egiten zuten mugimendua, euren konpromisoa, hala nahita edo halabeharrez, adierazteko. Hitzematea zen kontua.
Eta helburu hori dugu Gure Esku Dagoko kideok: herritarrei hitza ematea, ekainaren 19an egingo den herri galdeketaren bidez. Galdeketa babesteko sinadura bilketa abenduan hasi zen eta asteburuan amaituko da. Goierritarren izen-abizenez, NAN zenbakiz, herri izenez eta sinaduraz beteriko paper- sorta ederra bildu dugu. Azken txanpan gaudenez, ahalik eta gehien osatu nahiko genuke. Izan ere, NAN zenbaki huts bihurtu nahi gaituzten arren, sinadura bakoitzaren atzean pertsona bat dago, hamaika istorio, bizipen, amets eta sentipen dauzkana; izateko eta izan nahi duena garatzeko grinez betea dagoena.
Musuak barruan den guztia kanpora daramala kantatu zuen Aitor Sarriegik 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Sinadura honen bidez ere horixe lortu nahi dugu: barruko nahi, izate eta amets horiek azaleratzea, adieraztea; horiei guztiei hitza ematea. Horrexegatik da sinadura berezia, ahalbidetzen duenagatik. Sina ezazu, berandu baino lehen; egin barrutik kanporako jauzia, barruak eskertuko dizu.