Hasi dira inauteriak Goierrin
Zumarraga-Urretxun, Ordizian, Ataunen eta Legazpin ikusi dira aurtengo Goierriko inauterietako lehen mozorroak. Festak ez du etenik izango igandera arte.
Zumarraga-Urretxun, ohiko laranja eta ogitarteko hamaiketakoa egin dute Ostegun Gizen honetako goizean, bi herrietako ikastetxeetako haur eta gaztetxoek. Ordizian, Urdaneta ikastetxeko ikasleak eta irakasleak kalera atera dira goizean zehar, ipuinetako pertsonaiez mozorrotuta. Ataunen, berriz, jaialdia eskaini dute Joxemiel Barandiaran ikastetxeko haurrek. Eta Legazpin, mozorroek eta musikak abiarazi dituzte inauteriak, Doinua Musika Eskolak egin duen kalejirarekin.
Inauteriak hasi besterik ez dira egin, eta Goierrin asteburu osoan zehar ospatuko dira.