Otsailaren 10ean, ‘Islama eta kristautasuna, eztabaida edo elkarrizketa? mahai ingurua egingo dute. Martxoan emakumearen gaia landuko dute eta apirilean yihadismoa
Abdelghani Saidi, Pitxu Urretabizkaia eta Joxean Imaz
Elkartasuna. Euskal Herria. Musulmana. Hiru horiek elkartuta eta oinarri hartuta, islama ezagutzeko eta gerturatzeko hiru hitzaldi antolatu dituzte Beasaingo Arroua islamisten elkarteak eta Andre Mari Zeruratuaren Parrokiak. Beasaingo Udalaren babesa du elkarbizitzarako proiektu berriak. Antolatzaileek atzo udaletxean egindako aurkezpenean jakitera eman zutenez, beasaindarrei islama zer den ezagutzera eman nahi zaie hiru hitzaldiekin, aurreiritziak uxatzeko eta elkarbizitzan sakontzeko.
Hiru hitzaldi
Momentu honetan mundu mailan pil-pilean dauden gaiak landuko dituzte.
Lehenengo saioa datorren asteazkenean, otsailaren 10ean izango da, udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan. Islama eta kristautasuna, eztabaida edo elkarrizketa gaia landuko dute. Aziz Messaoudi (FiVascoko lehendakaria), Suleyman Mbacke senegaldarra eta Migel Larburu apaiz zumaiarrak hartuko dute parte. Joxean Imaz izango da moderatzailea.
Martxoko hitzaldian, Islama eta emakumea gaia landuko dute. Eta apirilean, Islamaz eta gatazkaz ariko dira.
Biharko Hitzan informazio gehiago.