Kolorez jantziko da Goierri inauterietan
Goierriko herri gehienetan mozorro festak eta desfileak egingo dituzte asteburuan, inauteriak ospatzeko. Legazpin eta Lazkaon gai bati jarraitu beharko diote; gainontzekoek, irudimena erabili beharko dute.
Eguraldi kaskarra iragarri dute astebururako, iluna. Baina ez du axola, herritarrak arduratuko baitira asteburuari kolorea emateaz. Tolosako inauterien inbidiarik gabe, hainbat mozorro festa eta desfile antolatu dituzte Goierrin ere, gaur hasi eta igandera bitartean.
Eskoletan gaur eta bihar ospatuko dituzte inauteriak. Ohikoan baino alaiago joango dira haurrak ikasgelara, pailazoz, martzianoz edota dena delakoaz jantzita. Eskolaz kanpo ere izango dira, bestalde, mozorro festak, bai bihar eta bai asteburuan.
Goierriko musikariak eta dantzariak ere kalera aterako dira asteburuan, inauteriak girotzera. Urretxuko Lurra dantza taldeak, esaterako, baserriz baserri egingo du erronda, Lizartzako inauteria irudikatuz, etzi. Beasaingo Ostadar dantza taldeak ere desfilea egingo du etzi. Legazpiko Sustraiak dantza taldeak, berriz, Luzaideko inauteria irudikatuko du igandean.
Legazpin, tradizioari eutsiz, Lintxek emango die hasiera inauteriei. Seguran, hartzak. Bestelakoan, era guztietako mozorroak ikusiko dira, ziur. Batzuk, betikoak: indiarrak, bakeroak, printzesak, animaliak… Eta aktualitateari lotutakoak ere ikusi ahalko dira seguruenik: politikariak, abeslari famatuak…
Lazkaon datorren astean
Gai jakin bati jarraituz mozorrotuko direnak ere badira. Legazpiko gazteek, esaterako, badute gaia etzi mozorrotzeko: Munduko herrialdeak. Lazkaon, berriz, otsailaren 13an ospatuko dituzte inauteriak, eta gaia erabakita dute hauek ere: Marrazki bizidunak. Asteburu honetan badute ideiak hartzeko aukera.
EGITARAUA
Ataun
- Gaur. Joxemiel Barandiaran herri eskolan festa, 17:00etan.
- Bihar. 17:00etan, txokolatea eta Ataungo torradak. 17:30ean, kalejira. 19:00etan, mozorro zuriaren dantza, karaokea eta disko festa. 20:30ean, afaria Kalostran (txartelak salgai Troskaetan eta Martintxon).
- Etzi. 10:30ean Ostadar dantza taldearen desfile herrikoia, Oriamendi 10-etik hasita.
- Etzi, 17:00etan, La Salle ikastetxeko Izartxo konpartsaren desfilea.
- Bihar. Mozorro afaria eta festa, Argindegi ostatuan.
- Etzi. Herriko gaztetxoek antolatuta, jokoak eta musika Itsasoko plazan, 18:00etan. Ondoren, mozorro afaria eta festa.
- Bihar. Eskolakoen mozorro festa eta dantza, plazan, 15:00etan.
- Gaur. Doinua musika eskolako ikasleen kalejira, 17:30ean.
- Bihar. 16:00etan, ikastetxeetako haur eta gaztetxoen desfilea, Juanastegitik Euskal Herria plazaraino. 17:00etan, Lintxen etorrera. Ondoren, txaranga..
- Etzi. Gazte inauteria, 18:30ean, gaztetxetik aterata. 22:00etan, herri afaria gaztetxean. Mozorrotzeko gaia: Munduko herrialdeak.
- Igandea. Luzaideko inauteria konpartsa, goiz eta arratsaldez. 14:00etan, bazkaria gizarte zentroan. 19:00etan, Lintxen agurra.
- Bihar. 15:15ean, herri eskolakoen emanaldia, Ihurre Zaharra eraikinean. 16:30ean, txokolate jana, Arkupe elkartean. 17:00etan, Kulkiren kirol parkea, pilotalekuan.
- Gaur. Urdaneta ikastetxearen desfilea, 15:00etan.
- Bihar. Jakintza ikastolakoen jaialdia, 15:00etan.
- Bihar. Eskolakoek jaialdia egingo dute polikiroldegian, 14:00etan.
- Bihar. Eskolan mozorro festa, 15:15ean. Hartzaren etorrera, 18:30ean.
- Gaur. Goizean bi udalek txorizo ogitartekoak eta laranjak banatuko dituzte eskoletan.
- Bihar. 15:00etan, La Sallekoen jaialdiak Ispillan eta Beloki pilotalekuan. 16:30ean, haurrentzako dantzaldia Tirapurekin, Beloki pilotalekuan.
- Etzi. Lurra dantza taldearen inauteria, baserriz baserri, 09:00etan hasita; aurtengo gaia: Lizartzako inauteria. 11:30ean, Iparragirre Balerdi musika bandaren kalejira. 12:30ean, mozorro topaketa eta kalejira buruhandi eta dultzaineroekin, Iparragirre plazatik hasita. 17:30ean, Secundino Esnaola Musika Eskolako dantza ikasleen desfilea, Euskadi plazatik hasita. 18:15ean, dantzaldia eta mozorro lehiaketa Gernikako Arbola plazan.
- Bihar. Eskolakoen desfilea, 14:45ean. Gero, txokolate jana.
- Bihar. Aitxuri herri eskolan Euskararen Eguna eta mozorro festa egingo dira. 16:00etan, txokolatada eskolako patioan. 17:00etan, buruhandiak. 19:00etan, gazteen trikipoteoa eta afaria.













