Otsailean produktu berri asko ez bada izaten ere, lehen marrubi landareak eta loratzear dauden kalak aukeran daude.
Marrubi landareak Montesen postuan.
Produktu berriak eskaintzea astero ezinezkoa bada ere, eta are gutxiago garai honetan, daudenak ilusioz hartzen dira eta etorriko direnak hizpide. Hala, landare postuetan, marrubi landareak udaberrian jateko prest izango diren lehen fruituen bidea zabaldu du, aspalditxoko prezio berean, 0,60 euro landare bakoitza. Prezio berean ziren orburu landareak ere bai.
Lore postuetan, berriz, oraindik ere neguan iraupen ona dutenak daude salgai eta hauei atzoz geroztik kalak gehitu zaizkie. Loratzeko zorian, 12 euroan zen landare kozkorra salgai. Aguro bada ere, Maria Dolores Mendizabalek aipatzen zuen negutegi barnean batzuk ia loratan daudela eta kanpoan, aire librean, toki babesean loratutakorik ere ikusten da daramagun negu goxoa lagun.
Gatzagi naturala
Gatzagi naturala, esnearem ondoan, Axun Etxeberriaren postuan.
Axun Etxeberriaren postuan aurki genezake gatzagi naturala, arkumeak izaten duen moduan. Propio ekartzen du erakusteko. Izan ere, produktu honekiko ezezagutza erabatekoa da. Mamia etxean egiteko ohiturari eusten dioten askok ere erositako gatzagi tantak erabili ohi dituzte. Axunek, berriz, zer den gatzagia, arkumearen zein parte den eta nola erabil daiteken erakusteko ekarri ohi du eta, hala nahi duenari, azalpenak emateko pazientzia hartzen du.
Arkumerik ez zen atzo Ordizian. Aldiz Garsabik emandako datuen arabera, aste honetan etxez etxeko bilketan 3,08+BEZ egiten du prezioak
Atzo, plazako sukaldean, Juan Martinez de Rituerto Aldasoro jatetxeko sukaldaria izan zen lanean, neguko barazkiak osagai hartuta.
Atzoko egunez Abadinon izan ohi den San Blas feriaren eragina ere nabarmendu zen. Ordiziara etorri ohi diren batzuk han izan baitziren urteroko legean, hala nola, Joseba Baez idiazabaldarra. Gazta saltze lanean Ordizian aitak hartua zuen haren lekukoa. Zuhaitz landaretan, berriz, Zaldibarko Junkal Areitioaurtena ere Bizkaian bertan geratua zen atzo. Ordizian seinalerik garbiena Maite Iturbe okinaren postuan ikusi genuen, San Blas opilak, egunean egunekoak, eskaintzen baitzituen.