Urola triatloi taldeko izarraren agurra
Ibone Sanchez triatloilari arabarrak sekulako emaitzak lortu ditu Plazaola ATA Urola taldearekin eta Madrilgo talde batek fitxatu du. Urola «penaz» utzi du, baina ezin dio eskaintzari uko egin. Herrietako kirol
Ibone Sanchez triatloilari arabarrak sekulako emaitzak lortu ditu Plazaola ATA Urola taldearekin eta Madrilgo talde batek fitxatu du. Urola «penaz» utzi du, baina ezin dio eskaintzari uko egin.
Herrietako kirol taldeen helburua ez da txapelketa garrantzitsuak irabaztea, baizik eta herritarrei kirola egiteko aukera eskaintzea eta herrian kirol zaletasuna bultzatzea. Dena den, noizean behin, harribitxiren bat azaltzen da. Hori da Plazaola ATA Urola Zumarraga eta Urretxuko triatloi taldeari gertatu zaiona: Ibone Sanchez laudiotarrak beraiekin lehiatzea erabaki zuen eta sekulako emaitzak lortu ditu. Madrilgo talde batek eskaintza bikaina egin dio eta hara joango da.
Sanchez Gasteizko talde batekin lehiatzen zen, Urolara etorri aurretik. «Lagun batek, Iban Gonzalezek, Urolan lagunak ditu. Zumarraga eta Urretxuko taldean oso giro ona dutela esan zidan eta hona etortzea erabaki nuen. Berehala, Idoia Garderen eta Aitor Alberdiren laguna egin nintzen. Alberdi arduratu da nire prestaketaz».
Urolarekin emaitza bikainak lortu ditu. «Taldekide guztien laguntzari esker lortu ditut horren emaitza onak. Lehiaketetara denok elkarrekin joaten gara eta hori oso polita da. Motibatzeko eta kirola indar handiagoz bizitzeko balio du».
Euskal Herriko triatloi zirkuitua bi aldiz irabazi du: 2013an eta 2015ean. Bere lorpenak beste talde batzuen arreta piztu du eta, hala, Saltokik eta Madrilgo Diablillos de Arribak beraiekin aritzea eskaini diote.
Madrilgo taldearekin fitxatzea erabaki du. «Espainiako txapelketan esperientzia falta zitzaidala konturatzen nintzen. Ez nago proba handietan parte hartzera ohituta eta estrategian kale egiten nuen. Madrilgo taldeak proba handietan parte hartzea eskaini dit. Ez dut helburu zehatzik. Nire helburua, urtetik urtera hobetzea da. Aurki 27 urte egingo ditut eta korrikan eta igerian moldatzen naiz hobekien. Bizikleta gainean, hobetu beharra dut».
Urola uzteak pena eman dio. «Penatuta noa. Urolaren koloreak defendatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, baina oso garestia izango zen. Madrilgo taldeak garraioa, izen-ematea eta ostatua ordaintzen dit». Urretxun eta Zumarragan lagun asko egin ditu. «Urolakoek nire erabakia ulertu dute. Beraiei ere pena ematen diela esan didate».
Iñaki Etxaniz triatloi taldeko presidenteak eskerrak eman nahi dizkio arabarrari. «Urolara etorri zenean ez genuen ulertzen zer egiten zuen gurekin: Estatu mailako probetan hamar lehenengoen artean sailkatzen da! Azkenean, talde batek fitxatu du. Guretzat gozamena izan da Ibone gurekin edukitzea. Gainera, berari esker, gure taldea ezaguna egin da».
Bide batez, herritarrak triatloia egitera animatu nahi ditu. Gazteek laguntzak jasoko dituzte. Informazio gehiago nahi dutenek, Urretxuko Ipeñarrieta kaleko Zerki dendara jo dezakete edo uztritaldea@gmail.com helbidera idatzi.