Mantentze lanak, baserri bideren bat konpontzea eta obratxoak aurreikusi ditu udalak 2016rako. Tasak eta zergak inguruko herrietakoen parera egokitu ditu. Ideiak biltzeko izango da urtea
Gabiriako Udalbatzak herenegun arratsean egindako osoko bilkuran onartu zuen 2016rako udal aurrekontua, aho batez. Guztira 465.000 euro izango ditu aurten, iaz zeukan diru-saila baino 94.000 gutxiago (%16,8ko jaitsiera).
Ez du proiektu edo inbertsio handirik egitea aurreikusi. Hurrengo urteetara begira, egitasmoak ideiatzeko eta bideratzeko urtea izango da gehiago 2016a, Iñaki Etxezarreta alkateak esan duenez.
Aurrekontuaren gehiena gastu arrunterako, pertsonala, zerbitzu eta hornikuntzak ordaintzeko, eta urteroko ekitaldietarako bideratuko dute.
Obretarako 30.000 inguru geratuko dira. Mantentze lanak, obra txikiak eta baserri bideen konponketak burutuko ditu udalak, azpiegitura arloan.
Ideiak biltzeko tartea hartuko du urte honetan. «Iaz obra dezente egin ziren herrian: hilerria berritu, Aztiriko ur sarea jarri, komun publikoak eraiki… Diru asko inbertitu zen, nahiz eta laguntza batzuekin ere zatia finantzatu», dio alkateak.
Arnasa hartu, eta egitasmo gehiago pentsatu nahi dituzte orain. Udalak herritarrei eskatu die dauzkaten ideiak eta ekarpenak jakinaraz ditzatela. Batzordeak daude horretarako.
Tasak, beste herrien pare
Aurtengo udal zergen eta tasen eguneraketa ere egina du udalak. Inguruko herrien (Ormaiztegi, Ezkio-Itsaso, Segura…) fiskalitatearekin parekatu dute Gabiria. Jarduera ekonomikoaren tasa igo dute; ondare higiezinena eta hondakin bilketarena, adibidez, mantendu egin dute.