Bizikleta, arrauna, motoak eta trail proba, Goierriko 7 Orduetan
Bi hilabete barru, apirilaren 16an egingo dute Goierriko 7 Orduak kirol ikuskizunaren bigarren edizioa. Ordiziako Beti Alai pilotalekuan izango da, 17:00etan hasi eta gauerdira arte. Emaneurre taldekoak buru belarri dabiltza antolaketa lanetan, eta oraindik egitarau osoa ixteko badago ere, dagoeneko egin dute prestatutako proben aurrerapen bat. Guztira, 120 kirolari inguruk parte hartuko dute, kirol eta proba ezberdinetan.
Batetik, Goierriko herrien arteko trail desafioa egingo dute. Taldekako desafioa izango da, eta dagoeneko bederatzi talde daude izena emanda. Launakako taldetan, Ordiziatik Murumendira joan etorria (16 kilometro) egin beharko dute, eta taldekide guztien denbora hartuko da kontuan. Parte hartuko duten herrien artean daude Beasain, Segura, Lazkao, Idiazabal, Zegama, Ormaiztegi, Altzaga, Arama eta Ordizia.
Aurreko edizioan bezala, arraunlari proba ere egingo dute, ergometroan. Gizonezkoetan, 2015eko Kontxako ohorezko txandan aritutako taldeak etorriko dira: Orio, Urdaibai, Kaiku eta Hondarribia. Emakumezkoetan berriz, Orio, San Joan, Hibaika eta Zarautz-Getaria ariko dira lehian.
Lehen edizioko probarik ikusgarrienetako bat, bizikleta lehia izan zen. Oraindik ez dute txirrindularien izenik baieztatu, baina belodromoan egiten diren probak izango dira, kerling proba edo kanporaketak, besteak beste.
Herri kirolek ere izango dute bere tartea. Irati Astondoa arratiarra, aizkoran marka pertsonala ezartzen saiatuko da.
Kick Boxing saioa ere egingo dute; 4 borrokalari ariko dira, pisu eta modalitate ezberdinetan. Izenak baieztatzea falta bada ere, Euskal Herriko eta kanpotik etorritako kirolariak ariko direla aurreratu dute antolatzaileek.
Atletismoari dagokionean, korrikako kanporaketa proba egingo dute. 10 korrikalari federatu ariko dira, 150 metroko zirkuituan.
Horiez gain, eskalada, kross fit, eta motocross ikuskizuna ere izango dira, besteak beste.
Probatik probara, musika eta bertsolariak ere izango dira, 7 orduz etenik izango ez duen ikuskizunean. Jaialdia bukatzeko, erromeria ere egingo dute, frontoi txikian. Xehetasun gehiago datozen asteetan emango dituzte antolatzaileek, baina sorpresak ere izango direla aurreratu dute.