Ezker abertzaleak Abian hausnarketa prozesuaren bigarren fasea martxan jarriko du
Ezker abertzaleak Abian prozesua jarri du abian, etorkizunari buruz hausnartzeko eta euskal Estatuaren aldeko pausoak emateko. Otsailaren 20an kartzeletara joango dira dispertsioak presoek hausnarketan parte hartzea eragozten duela salatzeko eta
Ezker abertzaleak Abian prozesua jarri du abian, etorkizunari buruz hausnartzeko eta euskal Estatuaren aldeko pausoak emateko. Otsailaren 20an kartzeletara joango dira dispertsioak presoek hausnarketan parte hartzea eragozten duela salatzeko eta martxoaren 5ean bigarren faseko lehen bilera egingo dute.
Lehen fasean hausnarketa landu dute eta proposamenak aurkeztu dituzte eta bigarrenean eztabaidatu egingo dute eta erabakiak hartuko dituzte. Lehen fasean 9.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute (euskal preso politikoak barne) eta 700 ekarpen baino gehiago jaso dituzte. Ekarpenak egungo egoerari, etorkizuneko estrategiari, antolaketa eta militantzia ereduari buruzkoak dira.
Ekarpen horiekin guztiekin, eztabaida fasea hasiko dute. Herri eta auzo guztietan hiru batzar egingo dituzte. Urretxu eta Zumarragako lehen bilera martxoaren 5ean izango da: 09:00etan Amalur elkartean. Batzar hauek egiteaz gain, espetxe guztietara txostena bidaliko dute bertan ere eztabaidatu dezaten.
Gainera, hilaren 20an Estatu espainiarreko eta Portugaleko kartzela guztietara joango dira. Martxa hauen helburua, dispertsioak presoen parte hartzea zailtzen duela salatzea da. Urretxu eta Zumarragako bizilagunak, gainontzeko goierritarrekin batera, Zaragozako Zuera eta Daroca kartzeletara joango dira.
Ezker abertzaleko kideek agerraldia egin zuten astelehenean Zumarragako Amalur elkartean honen guztiaren berri emateko. Nerea Altolagirre Urretxuko zinegotziak eta Juan Antonio Torner Zumarragako zinegotzi ohiak herritarrei bileretan eta kartzeletara egingo diren martxetan parte hartzeko deialdia luzatu zieten. Bukaeran, Tornerrek bere belaunaldiari eustea tokatu zaiola eta Altolagirrerenari irabaztea tokatzen zaiola esan zuen.