Lehenengo erakusketa 2007an egin zuen Santi Pelaez margolariak (Ordizia, 1975). Azkena, orain dauka ikusgai Ordiziako Barrena Jauregian, martxoaren 3ra arte.
Txikitatik datorkizu marrazteko zaletasuna?
Bai, haurra nintzenean ondo pintatu nahi nuen, hori zen nire helburua. Komikiak betitik izan ditut gustuko, eta horiek margotzen ikasi nahi nuen. Horrela, arkatzarekin hasi nintzen pintatzen, ondoren akuarela, olio-pintura… teknika ezberdinak probatzen joan naiz urte hauetan guztietan. Esan beharra dago ‘ezina ekinez egina’ esamoldea ezin zuzenagoa dela nire kasuan. Ondo margotzeko saiatu egin behar da, ezin da etsi. Hasi nintzenean nik ere ez nuen egun bezala margotzen, baina poliki-poliki hobetzen joaten zara, saiatzen, eta azkenean nahi duzun hori lortzen.
Teknika desberdinak erabiltzen dituzu koadroak margotzeko, baina gustukoen duzun teknikaren bat?
Nire koadro askotan teknika ezberdinen nahasketa ikusi daiteke. Agian arkatzarekin margotzen dut, ondoren olio eta akuarelarekin pintzelada batzuk. Nahastea gustatzen zait. Nire teknika gustukoena ondoen ateratzen dena da (barreak). Koadroa pintatu eta emaitza gustatzen bazait, ba horixe da niretzat teknikarik hoberena. Noski, marrazkiaren arabera ere aukeratzen dut erabiliko dudan teknika. Ez da berdina paisaia bat marraztea edo irudimenetik sor- tutako irudi bat.
Barrena Jauregian dago ikusgai zure erakusketa. Nolako obrak aurkitu ahalko dira?
29 obra ikusi daitezke bertan eta, horrez gain, espositore bat ere badago; han arkatzez egindako irudiak ere aurkitu daitezke.
Egunero margotzen al duzu?
Margotzea diziplina bat da niretzat. Egunero-egunero ez dut margotzen, normalean astean hirutan edo egiten dut saioa. Margotzerakoan pare bat ordu inguru ematen dut, gehiagorekin nekatu egiten naiz.
Eta non margotzen duzu?
Tailer batean margotzen dut; bertan, marrazten ikasten ari diren ikasleak ere egoten dira, baina saiatzen naiz bakarrik margotzen, askoz ere aberasgarriagoa da niretzat bakarrik margotzea, hobeto kontzentratzen naiz nire lanean.
Pintatzen jartzen naizenean euforiko egoten naiz, oso aktibo. Batzuentzat kirola egitea bezala da niretzat margotzea, aktibatzen nauen zerbait.
New York oso presente dago zure koadroetan. Badago arrazoiren bat horretarako?
Egia esan, ez dakit zergatik, baina bai, hala da. Nire arreba behin hara joan zen eta argazki mordo bat atera zituen; helikopteroan ere ibili ziren New York zeharkatzen, eta argazki oso ederrak ekarri zituen. Horiek eredu hartu, eta hala pintatu izan ditut.
Baina hala egiten dut, argazki bat atera eta eredu bezala erabiltzen dut. Adibidez, erakusketan badago
It’s going to catch you (Zu harrapatzera doa) izeneko koadroa. Bertan dagoen mutila ez naiz ni, baina eredutzat nire burua hartzen dut beti. Argazkia ateratzen diot nire buruari, eta ondoren dena aldatzen diot, beste pertsonaia bat sortu arte.
Nondik etortzen zaizu marrazteko inspirazio hori?
Edonondik. Askotan leku batera joaten naiz eta argazki asko ateratzen ditut. Ondoren bat hautatu eta hori margotzen dut. Bestela, nire imajinazioaren ondorioa dira nire marrazkiak.
Ez da erraza izango margotutako koadroak erakusketa batean agertzea.
Filmetan bakarrik gertatzen da erakusketa batean koadro pila bat sartzea. Teorian oso polita, baina errealitatean ez da hala. Noizbehinka koadro bat saltzea ere zaila izaten da. Eta baita erakusketa bat jartzea ere, ez pentsa. Norberak deitu behar izaten du, eskatu eta, zortea baduzu, zure obrak erakutsi ahalko dituzu. Baina koadroak saltzearen kontua oso zaila da.
Beraz, filmetako kontua da koadro asko saltzea erakusketa batean.
Bai, ia-ia fikzioa. Margolari batzuek esaten dute erakusketa batean lan asko saldu dituztela, baina askotan ez da egia izaten. Jendeak gezur asko esaten ditu horren inguruan, uste dutelako horrela jende gehiago animatuko dela koadroak erostera. Erakusketa batera sartu eta ikusten baduzu puntu gorria dagoela koadroen ondoan saldu denaren seinalea da, agian pentsa dezakezu artista ona dela, eta erosi egingo duzu koadroa. Niri ez zait gustatzen gezurra esatea, ez dut salgai dagoen koadro baten ondoan puntu gorria jarriko jendeak gehiago eros dezan.
Koadroak garestiak direla esaten du jendeak.
Esango nuke normala dela koadroak garesti xamarrak izatea, lan baten ondorioa dira. Beti ez dira gustukoak izaten, nahiz eta zuretzat oso ederrak diren.
Zein da zure estiloa?
Ez da erraza estilo finko baten barruan kokatzea nire burua. Obra batzuk agian estilo figuratiboaren barnean sartuko nituzke, eta beste batzuk espresionismo ukitua dutela esango nuke. Orokorrean, paisajismoa lantzen dut, konposizioa eta erretratuak ere egiten ditut.
Zonbiak ere margotzen dituzu zure koadroetan.
Bai, koadro bat baino gehiagotan ikus daitezke zonbiak. Baina ez dira ohikoak, ez dut uste. Ez dira beldurra ematen duten horietakoak.
Zonbiaren erretratua izenekoa, esaterako, aukeratua izan zen Donibane Lohitzuneko erakusketa batean jartzeko. Zazpi aldiz aukeratu dute nire koadroren bat erakusketa bat osatzeko.
Margolari bezala bizitako oroitzapen on bat izango duzu buruan.
Euskal Akuarelarien Elkarteko kide naiz. Behin, jardunaldi batzuk antolatu zituzten Ubedan (Jaen). Espainia osoko artistak zeuden bertan beraien lanak erakusten, eta halako batean, New Yorkeko gizon bat gerturatu zitzaidan. Hark kontatu zidan obra guztietatik nirea bakarrik gustatu zitzaiola, eta erosi egin zuen. Niretzat momentu izugarria izan zen hura.