Martxoaren 13an egingo dute Ordizian hondakinen sistema bilketaren inguruko galdera
“Ordizian gaikako ze hondakinen bilketa sistema erabili behar dela uste duzu?” Horixe da hondakinen sistema hautatzerako orduan ordiziarrek erantzun beharko duten galdera,
martxoaren 13an. Bi erantzun proposatu ditu Hondakinen Mahaiak, eta horien artean aukeratu beharko da. Batetik,
bilketa sistema mistoa: errefusa eta organikoa atez ate bilduko dira, eta gainerako hondakinak edukiontzi kolektiboetan. Bestetik,
edukiontzi kolektiboen sistema: errefusa eta organikoa txipa duten edukiontzietan jasoko da.
Egun atez ateko bilketa sistema dute Ordizian, baina atez atekoa ez dago aukeretan. Adur Ezenarro EH Bilduko zinegotziak azaldu du “garrantzitsuena ez da sistema, helburua baizik”. Birziklapen tasa %75era iristea lortu da atez ateko sistemarekin, eta gutxienez, herritarrek aukeratzen duten sistemarekin tasa hori lortzea jarri dute baldintza bezala. Aurrera begirako helburua %85a birziklatzera iristea da. Guztien arteko
adostasuna lortzeko onartu du Hondakinen Mahaiak bi galdera horien proposamena.