Haurrentzako antzerki denboraldia igande honetan hasiko da
Urretxu eta Zumarragako udalen haurrentzako antzerki denboraldia igande honetan hasiko da. Txalo taldeak Jon Beldurgabea lana antzeztuko du, 17:00etan, Labeaga aretoan. Lehen saio honetarako Elmer elefantea zegoen programatuta, baina azkenean
Urretxu eta Zumarragako udalen haurrentzako antzerki denboraldia igande honetan hasiko da. Txalo taldeak Jon Beldurgabea lana antzeztuko du, 17:00etan, Labeaga aretoan.
Lehen saio honetarako Elmer elefantea zegoen programatuta, baina azkenean Jon beldurgabea lanaz gozatzeko aukera egongo da. Antzezlan honetako protagonista Jon izeneko mutikoa da. Ez daki beldurra zer den eta bere aitak etxeko goxotasuna utzi eta beldurraren bila abiatzeko gomendatuko dio.
Udalek bost antzerki saio programatu dituzte 2016rako. Guztiak Labeaga aretoan izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena ezik. Hau Ederrena pilotalekuan izango da.
Martxoaren 20an Toni La Sal taldeak Birusak erasoan antzezlana eskainiko du. Antzezlan honetako protagonistak birus xelebre batzuk dira.
Apirilaren 17an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amalur ikuskizuna eskainiko dute. Ilargi haurdun dago eta pailazoak eta Marimotots bertara joango dira, berari laguntzera.
Azken bi antzerki saioak udazkenean izango dira. Urriaren 9an, Glu Glu taldeak Hansel eta Gretel lana antzeztuko du. Lan hau Grimm anaien ipuin klasikoan oinarritua dago, baina gaur egungo osagai eszeniko eta musikalak ditu.
Bukatzeko, azaroaren 13an Tonino eta Dammianok La famiglia Toronbole lana antzeztuko dute. Familia hau Italiatik dator eta magia eta txotxongilo ikuskizun umoretsua eskainiko die haurrei.
Antzerki saioetarako sarrerek 5 euro balio dute (Pirritx, Porrotx eta Marimototsenak, 7). Igandeko antzerki saiorako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 16:00etan.
Nahi dutenek, bost ikuskizunetara joateko aukera ematen duen bonoa ere eskura dezakete. Bi bono daude: haurrentzako bonoak 20 euro balio du eta haurrarentzako eta laguntzailearentzako bonoak 30. Bihar da bonoa erosteko azken eguna. Horretarako, Urretxuko kultur etxera jo behar da.
Gaztetxean ere antzerkia
Labeaga aretokoa ez da astebururako Urretxun eta Zumarragan antolatu duten antzerki saio bakarra. Izan ere, gazte asanbladak Zast! antzerki topaketa antolatu du. Hiru antzerki saio eta clown ikastaro bat egongo dira.
Bihar, 22:00etan, Markos Gimenok Skizopoziks! hitz-joko errezitaldia eskainiko du. Larunbatean bi emanaldi egongo dira. 17:00etan haurrentzako antzerki saioa egongo da (Andrina Basandrina) eta ondoren haurrek txokolate-jana egingo dute. 20:00etan Adarretatik zintzilik lana antzeztuko dute. Bukatzeko, igandean Puy Osesek clown ikastaroa emango du. 17:00etan hasiko da.