Diagnosi fasearekin hasi dira. Goizean ibilaldia egin dute Laubide eta Urtatza auzoetan, beharrak identifikatzeko.
Euripean egin dute ibilaldia, Laubiden eta Urtatzan. / Argazkia: Maialen Igartua
Legazpiko Udala iazko otsailean batu zen
Euskadi Lagunkoia egitasmora. Adineko pertsonekiko herri lagunkoi bat izatea da helburua: integratzailea, irisgarria eta
zahartze aktiboa sustatzen dituena. Egitasmoak hainbat fase ditu, eta
diagnosi bat egitea da lehenengo urratsa.
Gaur hasi dira diagnosi fasearekin. Horretarako,
Laubide eta Urtatza auzoetan ibilaldi bat egin dute herriko elkarteetako eta udaletxeko hainbat ordezkarik, auzo horietako beharrak eta gabeziak identifikatzeko. Datozen hilabeteetan beste sei irteera egingo dituzte, beste sei eremutara.
Egitasmo parte hartzailea
Besteak beste, Gueske, Nagusilan eta Buztintegiko ordezkariak izan dira gaurko ibilaldian. Udaletxetik, Javier Iraeta eta Eric Galvez zinegotzia joan dira. Euripean egin behar izan dute ibilaldia. Iraetak azaldu duenez, egitasmoa parte hartzailea da, eta
nahi duten guztiak batu daitezke.
Legazpik
urte eta erdi du diagnosia egiteko. Herria ezagutzeko ibilaldiak egiteaz gain, galdetegiak pasako dituzte eta adinekoekin harremana duten eragileen ekarpenak jasoko dituzte. Behin diagnosia eginda, ekintza plan bat garatu beharko dute.
Goierrin, Legazpiz gain, beste hiru herri daude Euskadi Lagunkoia egitasmoan:
Zumarraga, Ordizia eta Idiazabal.