Otsailaren 26an egingo dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsalen zozketa
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren antolakuntzak bihar zortzi, hilaren 26an egingo du aurtengo dortsalen zozketa. Parte hartzeari dagokionean marka guztiak pixkatu ditu probak; aurten guztira 7.448 lagunek eman dute izena, iaz baino 1.500 gehiagok. Horietatik %6 dira emakumezkoak. Jatorriari dagokionean berriz, Bartzelonatik (%19), Gipuzkoatik (%14) etorriko dira gehienak; Espainia, Frantzia, Italia eta Portugalgo korrikalariak ere izango dira.
Kilometro bertikalean ere, 621 lagunek eman dute izena, eta 200 dortsal banatuko dituzte horien artean. Bertikaleko ibilbideari dagokionean, aldaketa batzuk egin dituzte aurten, eta Aitxurin bukatu beharrean, Iraulen (1.502 m.) amaituko da.
Junior Trail proban berriz, dagoeneko 40 dira izena emanda dauden gaztetxoak; hala ere, maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.
Mahai-ingurua eta zozketa
Datorren ostiraleko zozketaren aurretik, Zegama-Aizkorriren gazi-gozoak mahai-ingurua egingo dute, 19:00etan, kultur etxean. Bertan, Maite Maiora eta Jokin Lizeaga korrikalariek beraien esperientzia azalduko dute, Aitor Elduaien kazetariak gidatuta. Solasaldiaren ondoren egingo dituzte Zegama-Aizkorri mendi maratoiko eta kilometro bertikaleko dortsalen zozketak.