Eskola adineko haurren Antzar Krosa igandean jokatuko da, Lazkaon
Lazkaoko 14. Antzar Krosa igande goizean jokatuko da, eskolarteko adineko haurrentzat. Umeek soilik parte hartuko dute aurtengo krosean. Zubierrekan antolatu dute Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeko antolatzaileek barrutia, Belenetxe ondoko zelaian (...
Lazkaoko 14. Antzar Krosa igande goizean jokatuko da, eskolarteko adineko haurrentzat. Umeek soilik parte hartuko dute aurtengo krosean. Zubierrekan antolatu dute Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeko antolatzaileek barrutia, Belenetxe ondoko zelaian (Ataun alderako errepidean, bidez eskuinera).
Lehiaketa 10:30ean hasiko da. Guztira lau lasterketa izango dira. Alebin eta infantil mailetako haurrek parte hartuko dute, neska eta mutil bereizita. Maila bakoitzean bi lasterketa dira.
Zirkuituan bi bira bereizi dituzte: 900 metrokoa eta 400 metrokoa. Bien konbinazioarekin lortuko dituzte maila bakoitzerako distantzia egokiak.
«Goierriko korrikalari gaztetxo guztiak animatu nahi ditugu, igandean Lazkaora etorri eta krosean parte hartzeko. Eguraldia ateri izango da, gainera», azaldu dute Antzar Korrikalariek. Eñaut Aldanondo zenaren oroimenekoa izango da.
Ume txikien erakustaldia
Korrika zaletasuna bultzatzeko, 12:00etan Lazkaoko plazan beste proba bat antolatuko dute, lehiarik gabekoa. Aurre benjamin eta benjamin haurrentzat erakustaldi modukoa izango da.
Antzar Kroseko sariak plazan emango dituzte, 12:30ean.













