Jokin Lizeaga, Zegama-Aizkorri maratoian, 2013an.
Ostiral honetan egingo dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiko eta kilometro bertikaleko dortsalen zozketa. Maratoian 7.448 lagunek eman dute izena eta 225 dortsal zozketatuko dituzte guztira. Kilometro bertikalean berriz, 621 lagunek eman dute izena eta 200 dortsal zozketatuko dituzte.
Inoiz baino jende gehiagok eman du izena mendi maratoian; aurten, iaz baino 1.500 gehiagok. Emakumeak %6 dira.
Parte hartu nahi dutenen jatorriari dagokionez, %19 Bartzelonakoak dira eta %14 gipuzkoarrak. Nazioka, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak dira nagusi: %29 euskal herritarrak dira eta %26 kataluniarrak. Frantziarrak, italiarrak eta portugaldarrak ere asko dira.
Kilometro bertikalari dagokionez, izena eman dutenen %74,4ak maratoian ere izena eman du. Zegama-Aizkorri Junior Trail proban 40 lagunek eman dute izena oraingoz. Epea maiatzaren 13an itxiko dute.
Zozketa eta mahai-ingurua
Dortsalen zozketa ostiral honetan egingo dute, Zegamako kultur etxean. Zozketa Maite Maiora eta Jokin Lizeaga korrikalariek kultur etxean emango dute hitzaldiaren ostean izango da. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.
Maiorak eta Lizeagak Zegama-Aizkorri maratoian bizitako esperientziez hitz egingo dute. Solasaldia Aitor Elduaien kazetariak gidatuko du. Ondoren, entzuleek galderak egiteko aukera edukiko dute.
Bai Maiora eta bai Lizeaga oso gustura etortzen dira Zegamara. «Ikusleak dira Zegama-Aizkorri berezi egiten dutenak. Euskal Herriko ikusleek esfortzu kirolak asko baloratzen dituzte eta ibilbide osoa ikuslez beteta egoten da. Hori ez beste inon gertatzen. Gainera, parte hartzaile guztiei animatzeko ohitura dugu», esan du Lizeagak.
Urnietarrak oroitzapen onak ditu, batez ere. «Oroitzapen onena bosgarren egin nuenekoa da, lesio batetik osatu berritan izan baitzen eta ez bainuen espero. Nire kirol ibilbideko egun pozgarriena izan zen. Aurtengo helburua, irtetea da. Badakit irteten banaiz gozatu egingo dudala».