Alex Errasti: Zumarragako enbaxadorea Filipinetan
Migel Lopez de Legazpi zumarragarrak Filipinak kolonizatu zituen XVI. mendean, baina Filipinar Uharteen eta Zumarragaren arteko harremana ez da oso estua izan harrezkero. Zumarraga hango Tagbilaran eta Legazpi hiriekin senidetuta
Migel Lopez de Legazpi zumarragarrak Filipinak kolonizatu zituen XVI. mendean, baina Filipinar Uharteen eta Zumarragaren arteko harremana ez da oso estua izan harrezkero. Zumarraga hango Tagbilaran eta Legazpi hiriekin senidetuta dago, baina distantzia handiak hartu-emana asko zailtzen du. Hori aldatzen ari da, ordea. Izan ere, Zumarragak enbaxadore bat lortu du Filipinetan: Alex Errasti. Zumarragar hau lau aldiz joan da dagoeneko bertara, Legazpiko alkatearekin harremana egin du eta ostiralean Filipinei buruzko erakusketa irekiko du Zelai Arizti kultur etxean.
Erakusketak Filipinak zumarragar baten ikuspegitik du izenburua eta 19:00etan inauguratuko dute. Martxoaren 6a bitartean egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era eta larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Zinea izan zen Errasti Asiara eraman zuena. «Zinea asko gustatzen zait eta umetan Asiako pelikula asko ikusi nituen. Hori dela eta, Asiak asko erakartzen nau. Japonia, Txina, Korea, Tailandia, Kanbodia, Malasian… egon naiz. Filipinek ere asko erakartzen ninduten, baina gainontzeko herrialdeak baino arriskutsuagoa dela entzun nuen beti».
Azkenean, 2012an, bertara joatera animatu zen. Asko gustatu zitzaion aurkitu zuena. «Ordutik, urtero itzuli naiz. Herrialde atsegina eta polita da. Jendeak Tailandia goraipatzen du, baina Filipinek ez diote inbidiarik. 7.000 irla baino gehiago dituzte. Hiriak zatar samarrak dira, baina erakargarriak».
Gainera, zumarragarrentzat herrialde berezia da. Bere presentzia nabarmena da herrialde hartan. «Legazpiri buruz dudan iritzia aldatu egin da. Lehen bertako aberastasunak lapurtzera joan zen konkistatzaile bat zela uste nuen, baina hura ez zen konkista bat izan, kolonizazio bat baizik. Hango jendearekin tratuak eginez lortu zuen bertan gelditzea. Gainera, erlijio katolikoa eraman zien eta filipinarrak katoliko sutsuak dira. Legazpi nor izan zen dakiten filipinarrek ez dute berari buruzko iritzi txarra».
Are gehiago, Errastiri sekulako ongi etorria antolatu zioten Legazpiren herrikoa zela esan zuenean. «Nire kasa bidaiatzea gustatzen zait, baina Zumarragako alkateak Filipinetako Legazpi hiriko alkateari gutun bat emateko eskatu zidan. Hango jaietan heldu nintzen eta bi ekitalditara gonbidatu ninduten. Bata edertasun lehiaketa bat zen. Han edertasun lehiaketek sekulako indarra dute. 3.000 lagunentzako tokia zuen areto batean egin zuten eta lehen ilaran jarri ninduten. Megafoniatik aurkeztu ninduten eta jendea agurtzeko jaiki behar izan nuen. Ondoren, edertasun lehiaketan parte hartu zuten neskekin afaldu nuen. Inauterietako desfileen antzeko jaialdi batean ere egon nintzen».
Orain, han ateratako argazkiekin erakusketa irekiko du. «Alkateak erakusketa egitea proposatu zidan, baina argi utzi nahi dut ez naizela argazkilari zalea sikiera. Herrialde hura maite duen turista bat besterik ez naiz. Testu batzuk ere prestatu ditut».
Helburua, zumarragarrek Filipinak hobeto ezagutzea da. «Hemengo jendeak hango bi herrirekin senidetuta gaudela eta Legazpiren herrikoak izateagatik ez gaituztela gorroto jakitera ematea da. Filipinarrak oso jatorrak dira eta hemengo jendea hartzeko irrikatan daude. Zumarragako jende askok Legazpiri buruzko iritzi txarra du eta ulergarria da, baina garai hartan kolonizazioak gauza arruntak ziren. Senidetzeen historia triste samarra da, Legazpi eta Tagbilaran Zumarragatik oso urrun baitaude eta ia inor ez baita batetik bestera joaten. Pena da. Filipinak modako toki turistikoa dira eta Zumarragako jende gehiago hara oporretara joatea gustatuko litzaidake. Plazan dugun tipoak fundatu zuen herrialde hura!».
Alkatearen iritzia
Mikel Serrano alkateak ere zumarragarrek Filipinak hobeto ezagutzea nahi du eta Errastik lan handia egin dezakeela uste du. «Zumarragar batek Filipinekin halako harremana duela jakitea sorpresa pozgarria izan zen. Laugarren aldiz joan behar zela jakin nuenean, Zumarragako enbaxadore gisa joateko eskatu nion. Orain arte herritar askok Legazpi konkistatzaile bat bezala ikusi dute eta, Alexi esker, beste bertsio bat dugu».
Erakusketa ere lagungarri izatea espero du. «Honek guztiak Filipinar Uharteak eta Zumarraga gerturatzeko balio izatea espero dut. Zumarragarrak Filipinak ezagutzea nahi dut. Alex bi munduak elkartzen ari da eta erakusketa oso polita prestatu du».
Udala, bere aldetik, senidetutako herriekin duen harremana sendotzen saiatuko da. «Legazpiko alkatea duela hiru urte etorri zen azkenekoz Zumarragara. Filipinak oso urruti daude, baino ez dut baztertzen berriro elkartzea».