Beasaingo CAF enpresak 2015eko ekitaldiko emaitza ekonomikoak jakinarazi ditu gaur. Horien arabera, Beasaingo enpresak 4.869 milioi euroko eskaera zorroarekin itxi zuen urtea. Horietatik %80 esportazioei dagozkion eskariak dira. Zifra hori ordea, igo egin da azken bi hilabeteotan Erresuma Batuan eta Australian sinatutako kontratuei esker; hala, une honetan 5.500 milioi eurotik gorako eskaera zorroa luke CAFek.
2015eko abenduaren 31ra arteko datuak kontuan izanda, 1.283 milioikoa da negozio zifraren zenbateko garbia. 2014ko datuarekin alderatuta, behera egin du zifra horrek, aurreko ekitaldian 1.447 milioikoa izan baitzen. Jaitsiera hori, batez ere “lan j
akin batzuk gauzatzeko garaian aurrerapen txikiagoa gertatu izanak eta Brasilgo errealaren debaluazio-efektuak” eragin dutela azaldu dute.
Nazioarteko proiektu ugari esku artean
Gaur egun nazioarte mailako hainbat proiektutan ari da lanean Beasaingo CAF enpresa. Horien artean daude Sao Pauloko (Brasil) eta Euskotrenerako aldirietako unitaten hornikuntza; AEBtarako , Holandarako, Italiarako, Mexikorako, Norbegiarako eta Saudi Arabiarako trenak; Eskoziarako bidaiarien kotxeak; Cincinnati, Kansas, Boston, Friburgo, Cagliari, Budapest, Saint Etienne, Utrech eta Luxemburgo hirietarako tranbiak; eta Bukarest, Medellin, Txileko Santiago, Istanbul eta Helsinkirako metro unitateak.
2015ean lotutako proiektu horiei, 2016 urtearen hasieran lortutako beste bi kontratu garrantzitsuak gehitu behar zaizkie: Erresuma Batuko Arriva operadorearentzako unitateak hornitzekoa eta Australiako Canberra hirirako tranbiena.