Pasa den asteko irudiak errepika daitezke asteburuan.
Negu giro betea dator berriz, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia eman du astebururako. Bihartik egingo du okerrera eguraldiak, eta larunbatean 600 metrora egin dezake elurra. Prezipitazio handirik espero ez bada ere, trumoi ekaitzak eta txingorra ere egin dezakeela ohartarazi dute.
Ostiral gauean, 21:00etatik 24:00etara bitartean, 700-1000 metro artean kokatuko da elur maila. Larunbatean berriz, egun osoan 600-800 metro artean egin dezake, nahiz eta eguneko azken orduetan 700-1000 metrora igoko den. Haizeguneetan orduko 100 kilometroko abiaduran joko du haizeak, ipar-mendebaldetik.