Maiatzaren 15era arte egongo da irekita. Erakusketaz gain, gaiari lotutako programa zabala prestatu dute datozen asteetarako.
Hainbat panelek, argazkik eta objektuk osatzen dute erakusketa. / Arg.: Maialen Igartua
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan
Made in Ormaiztegi: garapen indusrialaren eredu bat erakusketa ireki dute eguerdian. Industrializazioak Ormaiztegin izan zituen ezaugarriak agertzen ditu erakusketak, XIX. mendetik gaur egun arte. Zeles Otamendik 2013an argitaratutako
Ormaiztegi 1860-1970 liburuan oinarritu dira erakusketa prestatzeko. Maiatzaren 15era arte irekita egongo da.
Museoko ordezkariez gain,
Denis Itxaso kultura diputatua eta Zeles Otamendi izan dira aurkezpenean. Ormaiztegiko lehen enpresetako sortzaileak ere bertan izan dira. Izan ere, Otamendiren esanetan, Ormaiztegiko industria garapenaren
aktore nagusiak herritarrak eurak izan ziren.
Itxasok, berriz, hain herri txikian halako enpresa kopurua izatea goraipatu du, eta XIX. mendean ormaiztegiarrek izandako ekintzailetasuna eta herria aurrera ateratzeko ahalmena kontuan hartu beharreko baloreak direla esan du. “Erakusketa honek ez du soilik iragana erakusten, krisi egoeretan aurrera egiteko eta
arrakasta izateko klabeak ere ematen ditu”, esan du.
Hainbat panelek osatzen dute erakusketa. Paneletan, argazkiak, mapak zein azalpen laburrak ikus daitezke. Horrez gain, ormaiztegiarrek utzitako hainbat objetku eta erraminta ere jarri dituzte ikusgai. Eta, kalean,
Elgoibarko Makina Erraminta museoak utzitako bitrinak jarri dituzte.
EGITARAU ZABALA
Erakusketarekin lotuta, programa zabala antolatu du Zumalakarregik. Batetik,
bisita gidatuak egingo dituzte larunbatero: 11:00etan euskaraz, 12:00etan gaztelaniaz eta 17:00etan taldearen araberako hizkuntzan. Erreserbatuz gero, taldeentzako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte. Beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte:
- Martxoak 12, 11:00. Belaunaldien arteko topaketa: Maria Pilar Agirreren eskutik, bobinaje lana ezagutzeko aukera.
- Martxoak 18, 19:00. Irati Otamendi arkitektoaren hitzaldia. Industrializazioa: atzo garapen, gaur ondare. Bihar…?
- Apirilak 9, 19:00. Ekintzaileen topaketa.
- Apirilak 15, 19:00. Oda a ala fábrica abandonada dokumentala. Ondoren, dokumentalaren azterketa Irati Otamendirekin.
- Apirilak 16, 16:00. Familia tailerra: Ormaiztegi zentzumen guztiekin.
- Maiatzak 14, 16:00. Familia tailerra: Familia egiturak, atzo eta gaur.