2012an sortu zen The Sinners taldeak bigarren diskoa kaleratu du: 'Miseria y crueldad'. Bihar aurkeztuko dute Beasaingo gaztetxean, 22:30ean. The Last Strength taldeak, azken aurreko kontzertua egingo du.

The Sinners.
Aldarrikapenerako tresnatzat, kritika sozialerako erabiltzen du musika The Sinners taldeak. Horren adibidea da kaleratu berria duen bigarren diskoa:
Miseria y crueldad. «Izenburu horrek gure errealitatea islatzen du. Alde batetik, laguntza behar duten eta gosea pasatzen dutenen
Miseria dago. Baina bestetik, hori eragiten dutenen ankertasuna dago
Krudelkeria, politikoak herritarroi lapurtzen eta kalean, gazteen lan baldintza eta soldata lotsagarriak, etxegabetzeak, multinazionalak, enpresa txikiak zanpatzen…», diote The Sinnerseko taldekideek. «Azken batean, gizartearen zati bat oso gaizki dago, baina ongi dagoen zatiari hori ez zaiolako batere axola eta besteen egoera txarraz aprobetxatzen delako», gaineratu dute.
Lehen diskoa duela bi urte kaleratu zuten:
Mala hierba nunca muere. Lehenengo diskoarekin alderatuz, «abestiak nabarmen laburragoak dira, indartsuagoak dira». Hamar kantuk osatzen dute diskoa.
Beasaingo Xuber, Ordiziako Lubaki eta Lazkaoko Giroa tabernetan eros daiteke bost euroan. Youtuben, Spotify bezalako plataformetan ere eskuragai dago. «Berdin zaigu jendeak doan entzutea, nahi duguna abestiak entzutea da eta ahalik eta jende gehienengana iristea gure mezua».
Punk Oi! musika estiloa egiten dute The Sinnerseko mutilek, «baina taldekide bakoitzak bere gustu pertsonalen arabera nahi duen ukitua ematen dio, honela soinu indartsu bat lortuz».
Kanturik gehienak gaztelaniaz idatzi dituzte, «letrak idazten dituenak erraztasun handiagoa daukalako gaztelenaiaz errimak egiterako orduan». Horrekin batera, «gazteleraz abestuz kanpoko jende gehiagori heltzeko abantaila daukagu eta jendeak ulertzea aldarrikatzen dugu». Diskoa Espainia mailan aurkezteko asmoa dutela aurreratu dute.
Kontzertuak lotzea ez da lan erraza musika taldeentzat eta Beasaingo gaztetxearen lana goraipatu dute: «Hemen herrian gaztetxea daukagu eta beti eman digute jotzeko aukera bai guri eta bai beste ehunka talderi. Horrelako guneei esker atera daitezke aurrera talde xumeak. Gaztetxerik gabe Beasainen ia ez litzateke talderik egongo».
The Last Stranghen agurra
Bestetik, herriko beste talde batek, The Last Strength taldeak azken aurreko kontzertua eskainiko du gaztetxean. 2008a sortu zen taldea. «Azken bi urteotan motibazio gutxirekin ibili eta gero, uztea erabaki dugu», diote The Last Strengthekoek.