Ezkio-Itsasoko Peio Zalduari eta Zumarragako Julian Moratinosi nagusitu zaizkie finalean (3-2)
Arizaga eta Iraola txapeldunak, Zaldua eta Moratinos bigarren sailkatuekin, bart gauean, Zaldibiako Zubi-Buru elkartean.
Iñaki Arizaga aizarnabaldarrak eta Iñaki Iraola getariarrak osatutako bikoteak irabazi du Zaldibiako Zubi-Buru elkarteak antolatutako 41. Mus Txapelketa azkarra, finalean Ezkio-Itsasoko Peio Zalduari eta Zumarragako Julian Moratinosi nagusituta (3-2). Txapelak eta garaikurrak ez ezik, 1.300 euro jaso dituzte irabazleek, eta 700 euro azpitxapeldunek. Jabier Jauregi eta Manuel Mendizabal zaldibiarrak sailkatu dira hirugarren (350 euro), eta Astigarragako Ibon eta Jon laugarren (150 euro). Aurten 75 bikotek parte hartu dute
Goierriko mus txapelketa beteranoenean, gehienak goierritarrak. 16:30ean hasi ziren atzo lehen kanporaketak, eta 22:00ak jota zirela amaitu zen finala.
Datorren larunbatean
Goierriko hamar bikotek parte hartuko dute Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketaren finalean, Urdiñarben (Zuberoa). Martxoaren 12an, berriz, Arrano Mus Txapelketa jokatuko da Beasainen.