Bota dute Segurako Errebote eraikina
Segurako Udalak gaur bota du Errebote eraikina. Goizean goiz hasi dira makinak lanean, eta eguerdirako atariko arkuak eta horma nagusia botata zituzten. 1982an eraiki zuten Errebote eraikina, plaza ondoan. Azken urteetan erabilpenik ez zuela ikusita, 2014ko maiatzean galdeketa egin zuten, eraikinarekin zer egin erabakitzeko. Herritarren gehiengoa botatzearen alde agertu zen.
Behin eraikina botata, orubea txukundu egingo du udalak. Eraisketa eta zorua erabilgarri jartzeko lanetarako 27.000 euro bideratu ditu udalak aurrekontuan, eta berau izango da aurtengo proiektu nagusia. Orain, proiektuaren bigarren faseari helduko diote, eta Eñaut Telleria alkateak azaldu duenez, “aste santuaren ondoren” hasiko dira proiektua diseinatzen. Fase horretan ere, “herritarren iritzia” jasoko dutela dio, “eremu horretan zer egin” erabakitzeko.