EH Bilduk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Beasaingo Udalerako hirigintzako aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitazioan «EAJk tematuta jarraitzen du». Aurreko deialdia Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak baliogabetu egi...

EH Bilduko Aitor Larburuk eta Koldo Agirrek abenduan eman zuten prentsaurrekoa.
EH Bilduk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Beasaingo Udalerako hirigintzako aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitazioan «EAJk tematuta jarraitzen du». Aurreko deialdia Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak baliogabetu egin zuela gogoratu du koalizio abertzaleak, «eta beste baldintza batzuk onartu berri ditu, zertarako eta Eusko Jaurlaritzako erakunde horrek esku hartzea eragozteko. KEAOk esku har ez dezan, kontratuaren aurrekontua txikitu egin du EAJk, baina lehen lehiaketa baliogabetzea ekarri zuten arrazoietako batzuk mantendu egin ditu».
Bigarren baldintzak
EH Bilduk gogoratu duenez, «horren erakusle da Arkitektoen Elkargo Ofizialak errekurtsoa jarri diela bigarren baldintzei ere». Baina Beasaingo Udaleko Gobernu Batzordeak errekurtso hori ez duela onartu jakinarazi du EH Bilduk: «EAJk udal idazkariaren txostena hartzen du oinarri, baldintzak legezkoak direla baitio hark. Baina gogorarazi nahi dugu idazkariaren arabera lehen baldintzak ere legezkoak zirela, baina hala eta guztiz ere, KEAOk bertan behera utzi zituela, eta ebazpenean argi adierazi zutela baldintza horiek zer asmorekin prestatu diren».
«Justuena eta gardenenak»
EH Bilduk ez du «eztabaida juridikoetan» sartu nahi: «Beasaingo Udaleko kontratazio lehiaketa guztiak ahalik eta justuenak eta gardenenak izatea nahi dugu». EH Bilduk adierazi duenez, «kasu honek bereziki arduratzen gaitu, lehiaketara atera dena udaleko egiturazko lana dela iruditzen baitzaigu eta behin eta berriz proposatu baitugu lanpostu finko bihurtzea, berme guztiak betetzen dituen oposizio bidez».
Ildo horretan, «mesfidantza oro saihesteko eta prozeduraren gardentasuna bermatzeko», Arkitektoen Elkargoaren errekurtsoa onartzeko eta haren gomendioak onartzeko eskatu dio EAJri. Izan ere, EH Bilduren ustez, horrek «sinesgarritasuna emango lioke lehiaketari eta, ondorioz, baita hirigintzako aholkularitza zerbitzuari eta udalari berari ere».
Gaineratu dutenez, «EAJk ez badauka ezer ezkutatzeko, egiaz egin nahi badu lehiaketa garbi eta garden bat, bide zuzenari heltzeko eskatzen diogu». Bide horretan «EH Bilduren laguntza izango du, zalantzarik gabe», zehaztu dute.