Tobera: herri txiki, piano-jotzaile handi
Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerain herri txikiak dira, baina indarrak batu dituzte eta elkarrekin musika eskola handi bat lortu dute: Tobera. Hiru ikaslek urrezko dominak lortu dituzte Andoaingo piano jaialdian.
Mutiloa, Segura, Zerain eta Zegama lau herri txiki dira, baina indarrak batu eta musika eskola handi bat lortu dute: Tobera. Eskolako lau piano-jotzailek Andoaingo jaialdian parte hartu dute eta urrezko hiru domina, zilarrezko lau eta brontzezko bat ekarri dituzte Aizkorpera.
Toberakoek urtero parte hartzen dute jaialdi honetan. Aurten 800 haur eta gaztek jo dute pianoa Andoaingo Bastero kultur etxean. Horietako bederatzi Toberako ikasleak dira. Kepa Garmendia, Irati Goiburu eta Irati Arizkorretak urrezko domina lortu dute, Maddi Oiarbide, Naroa Irizar, Nora Olaziregi, Laia Apaolaza eta Andrei Filipek zilarrezkoa eta Unai Mendizabalek brontzezkoa.
Tobera Aizkorpeko enbaxadore garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, 150 ikasle baino gehiago ditu eta urtero bailaratik kanpo jotzen dute. «Kanpora joaten saiatzen gara, beste errealitate batzuk ezagutu ditzaten», esan du Iker Gomez de Segura Toberako zuzendariak.
Hala, duela bi aste Kursaalen egon ziren: La Traviata operari buruzko tailer batean parte hartu zuten eta ondoren operaren lehen aktoa ikusi zuten. 40 ikasle baino gehiago joan ziren Donostiara.
Elkartrukea
Apirilean, berriz, Iruñeko Musica sin Barreras taldekoekin elkartrukea egingo dute: 20an Zegaman joko dute eta 27an Iruñean. Zegamako emanaldia ikastetxeko gimnasioan izango da, 19:00etan. «Talde hau disfuntzioak dituzten lagunez osatuta dago eta elkartrukeak inklusioa lantzeko balioko digu. Emanaldiak Atzegirekin batera landuko ditugu. Ez da ohikoa musika eskoletan halakoak egitea, baina gu urtero gauza berriak egiten saiatzen gara», aipatu du Gomez de Segurak.
Herritarrak musika eskolaz harro daude eta ez da harritzekoa. «2001ean heldu nintzen Toberara eta berehala herri hauetan sekulako dinamika dagoela konturatu nintzen. Jendea oso aktiboa da eta ekintza asko antolatzen dituzte. Musika eskolari dagokionez, aitortza handia du, baina exijentzia ere herri handietan baino handiagoa da». Izan ere, txikiak gogor lan egin beharra du handien pare jarri ahal izateko.













